argia.eus
INPRIMATU
Izan txoriak buruan
  • Proposamen txiki bat egin nahi dizut: txoriengan pentsatu. Txoriek ederki adierazten dute bioaniztasunaren maila.

Jakoba Errekondo 2020ko azaroaren 12a

Ni, noski, naturazalea naiz. Makina bat aldiz entzun eta esan duguna. Hori arin-arin diogunok geroni, pixkanaka edo abaila bizian, gure ingurunea suntsitzen ari gara: produktu kimikoak erabili, zuhaitz zaharrak edonola bota, heskaiak desegin, zaborgintza erraldoia, kutsadura hiltzailea...

Gure osasunaren oinarria den bioaniztasuna gero eta urriagoa da, eta zenbait tokitan zeharo eskastua. Bide horri eusten diogun artean gureak gero eta okerrago egingo du.

Bioaniztasuna aberastea helburu duten ekimen ugari ikusten ari gara. Niri gehien interesatzen zaizkidanak ingurune hiritarrenetan izaten direnak dira. Naturaren zapalkuntzak eta txikizioak hor du sorburua. Hortik elikadura, ingurumena, landagunea, natura eta abar nola ikusten diren, arabera gauzatzen dira gero lurralde osoari eragiten dizkioten plangintzak eta politikak. Hor eragin beharra dugu, eta ez noa ezer berririk esatera: ekintza txikiak, toki askotan sortzea dugu premia: herri baratzeak, etxe baratzeak, kontsumo arduratsua, energia berriztagarriak... Hau da, soilik politiko ez den maila guztietako burujabetza, politikoena, alegia.

Ez dugu inoren haginduaren zain egon behar. Gure etorkizuna hobetzeko bide bakarra dena lortzeari lotu eta ekin. Eman gaitezen zerbaitera. Guk egiten dugun hori da naturaren zapalkuntzaren eta txikizioaren bidea hankaz gora jar dezakeen abiapuntu bakarra, egungo joera iraul dezakeen palankaren euste-puntua. 

Landareak gustuko badituzu eta fruta arbolak, basoa, lorategia, baratzea, loreontziak edo dena delako txokoren bat baduzu, proposamen txiki bat egin nahi dizut: txoriengan pentsatu. Txoriek ederki adierazten dute bioaniztasunaren maila. Zailtasun handiak dituzte maiz habiak egiteko eta elikatzeko, batez ere hiri handietan. Landaredi egokiak bazka, ura eta babesa emango dizkie: habiak egiteko adarrak, jango dituzten intsektuak erakarriko dituzten lore eta abarrak, aterpetuko dituzten hostajeak, fruta gozoak eta hazi hazkurritsuak. Horri ura edateko eta bainatzeko putzutxo edo ontzi bat erantsiz gero, bikain.

Ez da zaila. Landaketaren bat egin behar duzunean txoriak izan buruan.