argia.eus
INPRIMATU
“Izan dadila etxea gauza berriak deskubritzeko laborategia”
  • “Eskolako lanak beti dira gehiegi, ez kopuruagatik, kalitateagatik baino. Egoera berrian, etxean daukagun altxorra aprobetxatu behar dugu. Sukaldea bera zientzia tailer bat da, etxeko landareak aztertu daitezke, garbigailua martxan jarri, arropa zintzilikatu, plantxatzen eta josten ikasi… –dio Tonucci pedagogoak– eta jakina, irakurri, bakarrik eta familian”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko apirilaren 16a
Argazkia: Aulaplaneta.com

Irakurketari ere garrantzi handia eman baitio Francesco Tonucci pedagogo italiarrak: “Eskolak sarri ez du lortzen umeek literatura maitatu dezaten, proposatu dezatela irakasleek etxean irakurtzeko, eta proposamen hori izan dadila opari bat, ez betebeharra”. Irakurketa kolektiboei ere leku egingo lieke Tonuccik: familian, ordu erdi egunero: “Ordu eta leku zehatza dituen antzezlana antolatu daiteke egunero, aldiro etxeko kide batek liburua irakurriz, telenobela bailitzan”. Lanean ez daudenean helduek denbora librea orain etxean eman behar dutela-eta, gurasoak irakasleen laguntzaile bilakatzea eskatu du pedagogoak.

Etxeko eguneroko jardunetatik ikasteaz eta liburuak irakurtzeaz gain, hirugarren zutabe bat ere aipatu du, El Paísen egin dioten elkarrizketan: jolastea.

Kezkatuta dago Tonucci, krisi honetan agintariek ez dituztelako umeak aintzat hartu. “Euren kezka bakarra izan da eskolak jarraitu ahal izatea”. Presentzialki ez bada ere, denak berdin segitzen duela erakutsi nahi izan dute, dio, baina ez da hala. Gainera, pandemiak “agerian utzi du eskolak ez duela funtzionatzen”.

Konfinamendurik ez denean ere, kalean gehiago aritu behar dute haurrek

Tonucci famatua da haurren neurrira egindako hiriak aldarrikatzeagatik, umeak erdigunean jarriko dituzten espazioak, eskoletan eta ludoteketan sartuta izan beharrean haurrak kalean eroso egon daitezen. Horregatik, konfinamendu agindurik ez denean ere umeak ez direla kalean nahikoa aritzen uste du, edo kalera ateratzen badira beti dela helduen eskutik. Espazio seguruak aldarrikatu ditu, umeak kalean aske eta lasai ibili ahal izateko.

Konfinamenduaren ostean, zer? “Kalera atera eta oihu egin dezatela haurrek, harriak bota ditzatela, korri egin, elkar besarkatu… nahiz eta azken hori zaila izango den”.