argia.eus
INPRIMATU
“Izan behar du aterabiderik”, horrela kontatu zuen ARGIAk Miguel Angel Blancoren hilketa gaur 25 urte
  • 48 orduz bahituta izan zuen ETAk Miguel Angel Blanco eta Espainiako Gobernuari euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzea eskatu zion, bizirik uztearen truke. Ez zen halakorik gertatu eta iragarri bezala, 1997ko uztailaren 12an ETAk tiroz jota utzi zuen hilzorian Ermuako PPko zinegotzia, Lasarteko mendialdean eta uztailaren 13 goizaldean hil zen. Xabier Letonak honela kontatu zuen, ARGIA astekarian.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 12a
Miguel Angel Blanco Lasarten zauritua agertu zen lekua. Argazkia: Ander Gillenea / Egunkaria.

"ETA eta Ezker Abertzalearekin une batetik bestera amaitzeko aukera zabaltzen ari den giro hori faltsua da. Baina inoiz ez dela ETA eta HBren aurkako horrelako giro gogorrik bizi ere egia da. Lurrikara politiko honetan hoztasuna eta zentzua izango duen jendea beharko da alde bietan" sarrera hitzekin hasten zen 1997ko uztailaren 20ko data zeraman astekariko Izan behar du aterabiderik, Xabier Letonaren artikulua.

Honela zioen aurrerago: "Hoztasunetik aztertuta, arrazoi askorengatik horren samurra ez dena, presoen Euskal Herriratzea eta Miguel Angel Blancoren heriotza banaezinak dira". (...) "ETAren aldetik euskal gizartea tentsionatzeko azken urteotan egin den saiorik gogor eta kalkulatuena izan da Alderdi Popularreko zinegotzi gaztearena: 48 ordu euskal eta espainiar populazio guztia dantzan edukitzea. Baina helburua hori zen, eta komunikabideek ere akaso horretan lagundu egin diote".

Zera zioen ondorioez: "Argi ikusi da PPko zinegotziaren inguruko gertakizunek kolore guztietako herritarrak astindu dituztela" deskribatu zuen kazetariak, eta galdera hau pausatu ere bai: "Airean geratzen dena da, ETA noraino heltzeko eta zer egiteko prest dagoen tentsionatze bide horretan".

Hemen irakur daiteke erreportajea osorik, PDFan.