argia.eus
INPRIMATU
Izadi umearen eskubideen aldeko akordioa sinatu dute Getxoko talde politiko gehienek
  • Izadi Lizarraga Gutierrez umearen eskubideak aldarrikatzeko adierazpena sinatu dute ekainaren 4an, Getxoko EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE alderdi politikoek. Getxoko Iñigo Gutierrez eta Maria Lizarraga euskal presoen bi urteko alaba da Izadi, kartzelan jaio eta bizi dena. Bere gurasoakaz batera bizi da gaur egun, Aranjuezeko kartzelan, baina hiru urte betetzen dituenean, bere urtebetetze-egunean, Izadi kalera irtengo da, gurasoengandik 480 kilometrotara urrunduz, sinatzaileek ohartarazi dutenez.

Iker Rincon Moreno Hiruka .eus 2021eko ekainaren 07a
Izadiren alde egindako elkarretaratzeetako bat. Argazkia: hiruka.eus.

Ekainaren 4an, Getxoko lau alderdi politikoek sinatutako adierazpenean Izadi umearen egoeragaz kezkatuta daudela adierazi dute, eta, era berean, gurasoakaz egoteko eskubidea bermatzeko eta, ahal den neurrian, horiekaz bizi ahal izateko eskatu dute, "bere familia-ingurunetik banandu gabe".

Horrez gainera, lau talde politikoek eskatu diote Espetxeetako Instituzioei adingabearen eskubideak hobekien zainduko dituzten neurriak har ditzatela, "gurasoekin eta haien familia-ingurunearekin harremanetan egon ahal izateko, eta, hala, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetara eraman ahal izatea”. Horretarako, akordioa Auzitegi Nazionaleko Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiari eta espetxe-zaintzako epaitegiari bidaliko diete, pertsona horiek euren jurisdikziopean eta tutoretzapean daudelako.