Carlos Antonio Lozada senatari kolonbiarrak jakitera eman duenez, FARC alderdi ezkertiarrak ez du Marquez alderdikidearen berririk. Beste bi gerrillari ohi ere desagertuta daude.
Zenbait iturrik jakitera eman dutenez, 2016ko bake akordiotik gerillariak bergizarteratzeko prestatutako zentro batean zegoen Marquez. Egoera berean zeuden Hernan Dario Velasquez eta Henry Castellanos ere. Hirurak daude desagertuta.
Marquezek jakitera eman zuen Kolonbiako Caqueta departamentuko zentro batean zegoela Velasquezekin, apirilaren 9an Jesús Santrich FARCeko lider ohia atxilotu zutenetik –bake prozesua asko tenkatu zuen atxiloketa horrek–. Castellanos berriz, Meta departamentuko etxe batean zegoen, segurtasun arrazoiengatik.
Marquezen kasuan, Lozadak Caracol irratian azaldu duenez, aurpegia estalita zuten hainbat kontragerrillari joan ziren haren etxera. Kaos en la Red webgunean irakurtzen denez, jazarpen horrek eraginda, telefono-seinalerik ez dagoen lekuren batean gordeta egon liteke gerrillari ohia.
Erabaki horrek, nolanahi ere, ez du esan nahi FARCeko zenbait kide armetara itzultzeko aukerarik dagoenik Lozadak adierazitakoaren arabera. Gerrillarientzat prestatutako zentroetatik alde egin izana segurtasun arrazoiekin lotuta dagoela berretsi du.
FARCen organo nagusiak bilera egingo duela ere jakin da eta kontseilu horretako 111 kideak joango direla aurreikusten da, beraien artean, Marquez, Castellanos eta Velasquez.