argia.eus
INPRIMATU
IV. Foro Soziala gaur Donostian akordio zabala xedetan
  • IV. Foro Sozialaren hitzordua arratsaldean da EHUren Ibaetako campusean, 16:00etatik 20:00etara bitartean. Antolatzaileek presoen eta iheslarien auzia modu bateratuan landu nahi dute.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko martxoaren 10a
Agus Hernan eta Aitzpea Leizaola, Foro Sozialeko Iraunkorreko batzordekideak (Arg: Juan Carlos Ruiz/Argazki Press).

Gizarte eragileen arteko “akordio bateratua” lortzea dute xede foroaren sustatzaileek. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) agiria dago ekimenaren abiapuntuan. Kolektiboak egungo legedia garatzeko gertutasuna ezagutzera eman du azken agirian.

EPPK-k 2013. urteaz geroztik urratutako ildoa berritzeko asmoak bidea modu eraginkorrago batez aurrera egiteko aukeratzat dute Foro Sozialeko eragileek. Norabide horretan, gaurko ekitaldian berealdiko bi mahai-inguru izanen dira, eta bi puntu landuko dira horietan: legediaren erradiografia eta salbuespeneko neurriak; eta agente guztien artean adostutako bide orria sortzea.

Antolatzaileen iritziz, euskal jendartearen ez da politikoki eta sozialki normalizatua. Aldiz, egoera gero eta larriagoa da. Hartara, Madril eta Parisko gobernuen jarrera immobilistaren aurrean, normalizazioaren bidea zabaltzea eta modu eraginkorrez aritzea ekarri behar luke 2017. urteak.

Gatazkaren ondorioz bideratu gabeko auziak –preso eta iheslariena, hasteko eta behin– konponketa integral baten barruan landu beharra dagoela ezinbestekotzat jotzen da, zentzu horretan, IV. Foroak aukera berriak aztertu eta irtenbideak zehaztu beharko lituzke.

7/2003 legea oztopo nagusia da gaur egun. Berau aldatu ezean, azken presoa ez litzateke 2054. urtera arte kalean izango.

Gogora dezagun, martxoaren 17an eta 18an, Miarritzen bake prozesuaren ildoan beste foro bat izanen dela Bake Bidearen eskutik

“Armagabetzea bake prozesuaren zerbitzura” lemapean, bi gairen inguruan mintzatuko dira. Martxoaren 17an,ostiralean, Kolonbiako Bake Prozesuaren armagabetzea esperientzia izanen dute aztergai, eta 18an, armagabetze prozesu baten printzipioak landuko dira. Bestalde, Luhuso herrian “bake artisauen” ekintzaren harian jardungo dute.