Pandemia dela eta, bi urte topaketarik egin gabe izan ostean, Iurretan azaroaren 6an berriz elkartuko dira Euskal Herriko 25 irratik osatzen duten Arrosa Sareko kideak. Topaketak elkarrekin ikasi, hausnartu eta elkar ezagutzeko baliatzeaz gain, aurtengo edizioak beste helburu bat ere izango du: Arrosaren 20. urteurrena ospatzea.
Iurretan, azaroaren 6an egingo dituzten topaketen bederatzigarren edizioa izango da. Aurten, anfitrioi lanak sareko kiderik gazteenak egingo ditu: 2020ko amaieran abiatu zen Iurretako Laixiar irrati librea.
Behin betiko egitaraua erabat lotu gabe badute ere, eguneko ekitaldi nagusiak aurreratu dituzte. 10:30ean hasita, tailerrak antolatuko dituzte, momentuz ondorengo hiruak: "Hizkera sexista eta arrazista gure mikroetan", "Software librea irratian" eta "FMko emisio bat nola egin zerotik". Jarraian, irratiaren eta podkasten arteko dikotomiaz eta, orohar, irratsaioen etorkizunaz arituko dira. Batetik, irratigintzan urteak daramatzen kide batzuk solastuko dira, tartean Gasteizko Hala Bedi eta Ondarroako Radixuko lagunak, eta bestetik, podcastgintzan ari diren pare bat proiektu, tartean ARGIAko Beranduegiko kideak.
Bazkalostean irratien arteko irrati nobela bat sortuko dute, eta azkenik, arratseko 18:00etan, Arrosaren bi hamarkadetako ibilbidearen berri emateko landu duten dokumentantalaren estreinaldia izango da.
Arrosan saretuta
Euskal Herriko euskarazko irratien Arrosa Sareak 20 urte bete ditu ekainean. 2001ean Herri Mugi! ekimenak herri mugimenduen topaketa antolatu zuen Barrian (Araba), eta hainbat irrati libre elkartu zen jardunaldi haietako komunikazio batzordean. Lankidetza horri eutsi eta handik gutxira, sorrerako bilera iritsi zen Euskal Herria Zuzenean jaialdian, Arrosan (Nafarroa Beherea). Herriaren izena hartu zuten sarerako. Hogei urte geroago, Euskal Herri osoko 25 irratik osatzen dute sarea eta astero 60 programa inguru partekatzen dizkiote elkarri. Tokian tokiko irrati libreen ahalegin bateratua da, nagusiki erdaraz aritzen diren enpresa publiko eta pribatuek osatutako dialean bestelako eskaintza bat osatzeko, euskaraz.