argia.eus
INPRIMATU
“Iurreamendi egoitzan egoera tristea, negargarria eta ulertezina da”
  • Tolosaldeko Ataria-k Tolosako Iurreamendi egoitzako langile batekin hitz egin du bertan gertatzen ari dena ezagutarazteko. Egun, 140 egoiliar inguru daude egoitzan, eta 40ren bat langile.

Tolosaldeko Ataria/ Asier Imaz 2020ko martxoaren 29a
Iurreamendi egoitza, Tolosan. Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Tolosako Iurreamendi egoitzan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, COVID 19-arekin positibo 37 egoiliarrek eman dute. Datu horiek ordea ez dute argazki osoa erakusten. ELA sindikatuak 15 langilek positibo eman dutela jakinarazi zuen asteartean. Egun kopuru hori 17ra igo dela dio Iurreamendiko langileak. Beraien egoera, egunerokoa eta bizitakoa idatzi baten bidez kontatu nahi izan du.

Iurreamendiko langilearen idatzia:

"Egoera tristea, negargarria eta ulertezina da. Bizitza guztia lanean eman ondoren gure aiton-amonek ez zuten egoera hau merezi. 

Jadanik 35 egoiliar dira kutsatuak, eta izango direnak. Eta okerrena oraindik etortzeko dagoen susmoa dugu. 

Nire galdera da: Zergatik Iurreamendin horrenbeste kutsatu? Zeren eta hauei positibo eman duten 17 langile, oraingoz, gehitu behar zaizkie.

Gauzak oso gaizki egin dira hasiera-hasieratik. Gu, langileok, esandakoa egitera mugatu gara, nahiz eta egiten ari ginen horrekin erabat konbentzituta ez egon. Protokoloak aldatzen dizkigute momentu batetik bestera, batak gauza bat agintzen du eta beste batek bestea. Aiton-amonak gora eta behera, haruntza eta honuntza ibili ditugu bazter guztiak kutsatuz. Informazio finkorik ez dugu izan, pasiloetan entzuten genuena soilik. Senideak orain dela astebetera arte hor ibili dira barrura eta kanpora...

Iurreamendiko bertako langileei proba bertan egin zaie inongo arazorik gabe; azpikontratatuei, aldiz, (langileen %90a direlarik) oztopoak jarri zaizkie bertan egiteko. Sintomarik ez badugu ez dagoela egin beharrik esanez, posible denean, dakigun bezala, sintomarik ez izan eta eramaile izatea.

Haserre gaude, oso haserre, Eusko Jaurlaritzarekin, ikusi zer zetorren eta neurririk hartu ez dutelako, Aldundiarekin nola bideratu jakin ez duelako, Osakidetzarekin test azkar bat oraindik iritsi ez delako, Iurreamendiko zuzendaritzarekin hasiera-hasieratik krisi-mahai bat, langileen %90a diren azpikontratatuak barne dituena osatu ez duelako.

Haserre gaude, baita ere, orain dela bi egun bi orduko ikastaroa (bizi dugun egoeran) eman zigutenekin, EPIak desaprobetxatzen ari ginela eta pikoa iristen zenean ez genituela izango esanez. EPIak orain dela bi aste izan bagenitu, erabakiak ondo hartu izan balira, orain ez ginateke zifra hauetaz hitz egiten arituko. 

Egia da, izurrite bat iraganeko gauza zela eta ez zela gehiago etorriko uste genuela. Ea honekin ikasten dugun, eta konturatzen garen, maskarila on bat tren azkarra baino garrantzitsuagoa dela".