argia.eus
INPRIMATU
Itzultzaile automatikoa
  • Pablo Llarena epailearen demandak agerian utzi digu itzulpenaren garrantzia. Itzulpen txar baten eraginez, baldintza den esaldia baiezko bihurtzen bada, ondorio juridikoak oso desberdinak izan daitezke.

IƱigo Jaca Arrizabalaga 2018ko irailaren 04a

Albiste horrek eragingo zidan noski gau guztian aztoratu ninduen ametsa: oposizioko alderdi abertzale bateko osasun arloko arduradunak errieta egiten zien ospitaleko dokumentazio klinikoa euskaraz idazteko eskatzen zutenei, zeren nahi baitzuten, bertsolarien hizkuntzak arlo zientifiko sanitarioan ere bere lekua izatea.

“Itzultzaile automatikoa izango da soluzioa” oihukatzen zuen arduradunak, “katigatuta zaudete itzulpen automatiko estatistikoen sistemetan, eta gaur sare neuronalen sistemen garaian bizi gara”. Nolanahi ere, horretan adituak direnek diotenez, itzultzaile automatiko neuronal horiek hogei urte beharko dituzte oraindik, giza itzultzaileen lekua hartzeko.

Bitartean, osasun arloko profesionalei ez zaie eskatuko hizkuntza-eskakizuna. Txostenak beren hizkuntzan idazteko eskatzen duten herritarrei, behar diren itzulpenak egingo dizkiete Osakidetzak kontratatutako euskara teknikariek, nahiz eta zeharkako lan horrek kostu sanitarioak handitu. Hori guztia, profesionalei euskara eskakizuna ez exijitzeagatik.

Beste hogei urte behar al dira arduradun honek proposatzen duen soluzioa ikusteko? Hau zoramena! Non daude Euskaltzaindia, euskara berreskuratzearen aldeko erakundeak, euskal herritarrak..? Azkenean, neure ametsean, euskal osasun arloan euskara erabiltzea exijitzeko sortutako erakunde baten arduradun mutua agertu zen. Eskuetan superordenagailu bat, bilioi bat koma higikorreko eragiketa segundoko egiten zuena. Arduraduna bera ere robot bat zen.

Iñigo Jaca Arrizabalaga.
Hendaia.