argia.eus
INPRIMATU
Itzuli gara Gerra Hotzeko errutinara: esaiozu misilez, uler dezan
  • Kontatu –ezta iradoki ere– ez digutenez, imajinatu egin beharko dugu. Gertatu, halatsu gertatuko zelako, gutxi gora behera.

Mikel Aramendi 2024ko urriaren 01
Aurrez aurre elkartu ditu Hawaiin 2024ko Indo-Pazifikoko Defentsa-buruen Konferentziak, Samuel Paparo almirantea, AEBen Indo-Pazifikoko indarren buru gorena, eta Wu Yanan jenerala, Txinako Armadaren Hegoaldeko Teatroko agintari nagusia.

Irailak 20, Kona, Hawaiin. Aspaldiko partez, aurrez aurre elkartu ditu 2024ko Indo-Pazifikoko Defentsa-buruen Konferentziak, alde batetik, harrera-egile, Samuel Paparo almirantea, AEBen Indo-Pazifikoko indarren buru gorena; eta bestetik, bisitari, Wu Yanan jenerala, Txinako Armadaren Hegoaldeko Teatroko agintari nagusia. Ez dira, ez horixe, adiskideak; ezagunak, apenas: hamar egun lehenago hitz egin zuten lehen aldiz bideokonferentziaz. Hori bai, zuzen eta gizalegez aritu omen ziren orduan ere.

Agian gizalege horregatik, Konako hitz-aspertuen etenaldiren batean, jakinaraziko zion Wuk Paparori: “Ahaztu gabe esan behar nizun datozen egun hauetan probatxoren bat egin behar dugula, hor, Pazifiko hegoalderantz; esaiozu zure jendeari lasai egoteko, ez dela ezer, errutinazko zera bat da”. Abisatu ez balio, are larriagoa izango litzatekeelako guztia. Konfiantza garesti dago halakoetan.

Irailaren 25ean, egun-argiz, ICBM bat, kontinentearteko misil bat, buru nuklearrik gabea, noski, jaurtiki zuen Txinak Itsaso Barearen erdialdera. “Urteroko errutinazko prestakuntza militarra” zela zioen Pekingo bozeramaileak berehala. Luzeak dira urteak Txinan, agidanez: 1980ko udaberrian egin zuen aurrekoa. Duela 44 urte.

Proba aurreikusita zegoen bezalaxe burutu zela jakinarazi zenez, eta aurretiaz emandako NOTAMek iradokitzen dutenez, haren burua, ordu erdi pasako hegaldiaren ondoren, Markesa uharteen ipar-mendebaldean itsasoratuko zen. 12.000 kilometrora. Gaizki-pentsaturen batek berehala ondorioztatuko zuen distantzia horixe bera litzatekeela jaurtiki-lekua (Wu jeneralaren manupean dagoena, kasualitatez) eta Kalifornia artekoa, esate baterako.

2019ko desfile erraldoian lehenik eta behin bakarrik ikusi ahal izan zen DF-41 misilaren juzgu egin genuen begiluzeok segituan. Baina berehala etorri zen mezuaren igorlea zuzentzera: DF-31AG misila, are zaharragoa, zen erabilitakoa. Mezuaren hartzaileak kontuak oker atera ez ditzan edo. DF-41a beste baterako geratzen da, nonbait.

Kontinentearteko misil mezularien sasoira itzuli gara, beraz, Gerra Hotzaren unerik “onenetan” geundenean bezalatsu. Sentinel proiektuaren gorabeherekin hasi genuen urtea; haren inguruko zalantzak gibeleratzeko edo, Kaliforniatik Kwajalein atoloira LGM-30 Minuteman bat jaurtikitzea komeni zela ebatzi zuen norbaitek ekainean. Eta Errusiak bere Sarmat egitasmoarekin jarraitzen du, hutsegiteak hutsegite. Eta Txinak “errutina” berreskuratu du.

Ez dakiguna da alde bakoitzak bestearen mezuak zuzen ulertzen ote dituen.