Rennes espetxean (Bretainia) dago preso Moreno. ARGIAk argitaratutako Txori urdinak liburuan parte hartu du, eta liburuaren Bilboko aurkezpenerako lau audio labur bidali zituen, espetxearekin lotutako hainbat gairen inguruko galderei erantzunez. Albiste honetan dituzue entzungai.
Martxoaren 31n Bilboko Bira kultur gunean aurkeztu zen Txori Urdinak: espetxearen erretratu bat Santi Cobos presoaren ahotik liburua. Itziar Moreno Martínez euskal preso politiko bilbotarrak ilustrazio bat egin zuen libururako. Bilboko saioan ere bere ahotsez parte hartu zezan hiru galdera zuzendu genizkion, Morenok audio bidez erantzun dituenak.
Nola biziraun espetxeari?
Nork bere moduak dituela argi utzirik, beretzat gako garrantzitsuenak direnak aletzen ditu Morenok: “Bizitza kalean geratu dela ez pentsatu” eta proiektuak garatzea; bizipoza eta barne orekari eustea; duintasuna ardatz izatea, “buruko osasunerako ezinbestekoa”; harremanak, “zuek zarete gure arnas eta indar”; edo sorkuntza iheserako eta borrokarako erreminta gisa.
Nolakoak dira preso "sozial" eta "politiko"-en arteko harremanak?
Presoak “sozial” eta “politiko” artean banatzea bera eztabaidagarria dela esanez hasten du audioa preso bilbotarrak: “Denak gara lau hormen artean gauden emakume presoak”, dio batetik; “baina egia da errepresio neurri berezituak ezartzen dizkigutela”, bestetik. Espetxea haien arteko elkartasuna “beldur eta mehatxu” bidez eragozten saiatu arren, egon badagoela azpimarratzen du, askotarikoa: laguntza materiala zein psikologikoa, adiskidetasuna eta elkarrekin abiatutako borrokak, intimitatea, dantza, edo emakume presoen arteko sexualitatea. Arazoen artean salatzaileak, bekaizkeria edo botere harremanen ondorioak azpimarratzen ditu.
Ba al da alternatibarik espetxeari?
Lau ideia nagusi laburbiltzen ditu Morenok galdera horri erantzuteko. Baga, espetxeari alternatiba bilatzeko “sistema juridiko osoa” eraldatu behar da, delituaren definiziotik hasita. Biga, espetxeak ez du deus konpontzen, ez “ustezko delitugileari” begira, ez delituaren ondorioak edo kalteak jasan dituen pertsona edo komunitateari begira. Higa, beste garai eta kultura batzuetan gatazkak bideratzeko beste modu batzuk garatu dira, horietatik badugu zer ikasia. Laga, Ezkerreko mugimenduetan eztabaida sakona abiatzeko beharra dago. “Gaiari heltzeko ausardia” eskatzen du Morenok, “alternatiba errealak gaurdanik erabiltzeko”.
Txori urdinak liburuaz
Laugarren audio bat ere bidali zuen Morenok ekimen propioz, Txori urdinak liburuaren inguruan. “Barruak mugitzen dituen” irakurgaia dela iritzi dio, berari denetariko sentimenduak piztu dizkiola azalduz: “Hunkitu naiz, barre eta negar egin dut, haserretu naiz, tarteka gogorra egin zait pasarte gogorrak daudelako...”. Santi Cobosek espetxearen deskribapen “bikaina” egiten du Morenoren ustez, eta eskerrak eman dizkio “lekukotasun zintzoa” emateagatik, eta hori euskaraz eskaintzeagatik. Liburuan parte hartzea plazera izan dela adierazi du.