argia.eus
INPRIMATU
Itziar Ituñoren kontrako boikota arbuiatu du Zinemaldiak
  • Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos “boikot guztien aurka” agertu da ostiral honetan, festibalaren 65. Edizioa aurkezteko ekitaldian.

ARGIA @argia 2017ko maiatzaren 12a
Rebordinos (eskuinean) Zinemaldiaren 65. edizioaren aurkezpenean (argazkia: @donostilandia).

Naizek jaso duenez, Itziar Ituño aktoreari elkartasuna adierazi dio Rebordinosek, baita “beren ideiengatik, direnak direla, munduko edozein herrialdetan” jazartzen dituzten beste aktoreei ere.

Zinemaldiaren 65. edizioaren aurkezpen-ekitaldia baliatu du Rebordinosek azken asteetan sortutako polemikaren inguruan iritzia emateko: euskal presoen alde egindako adierazpenenegatik Ituñok parte hartzen duen La casa de papel telesailaren aurkako boikot kanpaina abian jarri zuten.

Aste honetan bertan, Euskal Aktoreen Batasunak Ituñoren aldeko agiri bat publikatu du, egoerarekin “haserre eta kezkatuta” daudela adieraziz.

“Konfrontazio ideologiko librea” defendatu du Rebordinosek

Jaialdiko arduradunek ez dutela inoiz boikotetan parte hartzerik onartu esan du, eta orain ere ez dutela egingo.

“Partekatzen ez ditugun ideiak hitz eginez eztabaidatu behar dira, konfrontazio ideologiko libretik eta errespetutik”, Rebordinosen arabera. Bere ustez, “ezin dira filmak epaitu, ezta obra artistikoak ere, haietan parte hartzen duten pertsonen arabera”.