argia.eus
INPRIMATU
Itziar Ituñok film kurdu berria grabatu du Bizkaian
  • Metin Yegin zinemagile kurduaren eskutik 3 Fraue 1 Streik proiektuaren zenbait pasarte antzeztu zituen Gordexolan irailaren amaieran. 1973an Alemanian gertatutako greba batean oinarrituta dago pelikula.

Aitor Aspuru Saez 2022ko urriaren 14a

Bizkaian zinema talde bitxia elkartu zen irailaren amaieran. Itziar Ituño antzezle famatuarekin, Pelin Batu ankararra eta Susku Ekim Kaya istanbuldarra aritu ziren, Metin Yegin zuzendariaren aginduetara. Azken hau, dokumental egile, idazle eta ekintzaile ezaguna da giro kurduetan.

Emakumezkoek 3 Fraue 1 Streik filmaren pasarteak grabatu zituzten. Pelikula zentratzen da 1973an ibilgailuen ekoizpenera lotutako enpresa alemaniar batean gertatutako greban. Borroka horretan emakumeek zeresana eman zuten eta lan gatazkan tokiko zein kanpoko beharginek lotura sendoak sortu zituzten. Filmaren kasuan, langile alemaniar eta turkiar bana eta izozki saltzaile italiar bat dira protagonistak. 2023an estreinatzeko asmoa dute, printzipioz.

Hala ere, ez da lehen aldia taldea batzen dena. Izan ere, Ituño, Batu eta Yegin elkarlanean aritu ziren Grev proiektuan, zeinean Basauriko profesionalak 1936ko gerrako milizianoa antzeztu zuen.

Itziar Ituño eta polemika Turkian

Grev filmaren promozioak Turkiara eraman zuen Ituño, eta euskaldunak hautsak harrotu zituen han. Hain zuzen, basauriarra Basak Demirtasekin bildu zen. Bere senarra Selatim Demirtas, HDP ezkerreko koalizioko bozeramaile ospetsuena da. Indar politiko eraldatzaile kurduek sustatutako alderdi horretako burua, ordea, duela sei urte espetxeratu zuten eta bere emaztea ere jazarpen politiko izugarria jasan du eta lana ere galdu du horren ondorioz –irakaslea zen–.

Demirtasekin egindako agerraldiaz gain, Ituñok YPJko borrokalarien aldeko adierazpenak egin zituen zenbait hedabidetan eta horrek komunikabide islamiar eta eskuindarren amorrua piztu zuen. Izan ere, eurentzat YPJ eta YPG –Estatu Islamiarra garaitu dutenak– indar terroristak dira, PKKrekin lotzen baitituzte.

Edonola ere, Ituñoren harremana herri kurduarekin ez da lausotu, eta azken asteotan Masha Amini emakume kurduaren hilketa salatu du. Hori ez ezik, feminizidioak eragindako protesten olatua babestu du sare sozialetan.