argia.eus
INPRIMATU
Itzaltzuko egungo bardoak

Aritz Díez 2024ko otsailaren 08a

Urtarrila erdialdean menditik jaitsi zen berriro euskal Pirinioko ekialdeko bailaretara behin galdurik ibili zen ahotsa.

Memoria iristen den arte alde horietatik erabili zuten hizkera orain dela gutxi galdu zen. Mendietan galdurik ibiltzera behartu zuten arrotzek garai batean, eta oso denbora gutxian haren arrasto gutxi batzuk baino ez ziren gelditu biztanleen ezpainetan. Ordutik iheslari ibili da leizeetan ezkutaturik, airearen altzoan eta elurrak estalirik.

Negua luzea izan da, baina elurrak ondo mantendu ditu usoek Gartxoti eskainitako gari tantak. Orain, udaberriko lehenengo eguzki izpiak ikus ditzakegula esan daiteke. Hazi horiek daramatzan elurra urtzen ari da, eta uholde bat balitz bezala urperatuko ditu gure bailarak, lautadak, herriak eta hiriak.

Negua luzea izan da, baina elurrak ondo mantendu ditu usoek Gartxoti eskainitako gari tantak

Orain, soilik falta da, elur guztia urtzen denean, Elkorretako magaletan gelditzen diren gari tantak usoek ekar diezazkigutela, eta gure herrian bizi den pertsona bakoitzaren ezpainetan jar ditzatela.

Agian Gartxot gosez hil egin behar izan zen hazi horiek guri helarazteko. Beharbada, hil egin behar izan zen gosez bere garaian gertatuko zena jakinda, zetozen hurrengo belaunaldiek aukerarik izan zezaten. Edo agian ez: gure esku dago usoak mokoan ekartzen digun gari tanta hori hartzea ala ez.

Biba Gartxot! Biba Itzaltzuko egungo bardoak!

Aritz Díez