Bizitzaren garestitzea ikasturteko dinamika orokortzat hartuta, BATUTA Judimendiko (Gasteiz) Elkartasun Sarean energiaren garestitzearen inguruko lanketa burutu dugu kurtsoko lehenengo hiru hilabetekoan. Lanketa honen baitan burutu ditugun ekintza ugarien ostean, urtarrilaren 12an 19:30tan Médico Tornay plazatik abiatuko den auzo mobilizazioa deitzea beharrezkoa ikusi dugu.
Izan ere, Judimendin berriki burutu dugun inkesta baten ondorioak larriak dira: auzokideon heren batek arazoak izaten ari ditu negu honetan energia ordaintzeko eta %90a baino gehiago kontsumo ohiturak aldatzera behartua ikusi da energiaren prezioaren igoeragatik. Bitartean, energia-enpresa handien irabaziak etengabe hazten ari dira. Honek argi uzten du arazoaren erroa ez dagoela energiaren jatorrizko prezioaren igoera batean, baizik eta energia-enpresen margen ekonomikoetan. Hau da, bizitzaren –eta zehazki, energiaren– garestitzea ez dute gertaera koiunturalek azaltzen, baizik eta kapitalismoaren ondorio zuzena da.
Egia da urteko azken egunetako energia eolikoaren aparteko sorkuntzak eta izan ditugun neguko opor tropikaletan energia-eskaria jaitsi izanak etxe askotan kolpea lausotu duela, baina azken egunotan prezioak berriz gora ari dira. Izan ere, ez dirudi zentzudunegia klima-aldaketak dakarren eguraldi ezegonkortasunaren aurrean, energiaren prezioa honen menpe fluktuatzen duen merkatu baten eskuetan uztea, ezta oinarrizko ondasunen ekoizpena, kasu honetan energiarena, etekin ekonomikoak helburu dituzten enpresen kontrolpean uztea.
Hala ere, bizitzaren garestitzea ez da soilik prezioen igoeraren kontu bat. Egungo baldintzek ez dute bermatzen kapitalak behin izan zituen hazkunde tasak, eta beraz, metaketa bermatzeko, bizitzaren aurka oldartu da. Kapitalak, soldatapeko lana inoiz baino gehiago estutzen ari du; lan merkatuko periferiak handituz, non soldata baxuak, partzialtasuna, behin-behinekotasuna eta ezegonkortasuna nagusi diren. Modu honetan, prezioak igotzen diren bitartean, soldata errealak jaisten dira, hots, gure kontsumo ahalmena jaisten da. Eta beraz, sistema kapitalistak klase herrikoien baldintza materialak bermatzeko duen egiturazko ahultasuna agerian gelditzen da; merkatua baliabideak esleitzeko mekanismorik egokiena ez dela agerian gelditzen den moduan.
Horregatik guztiagatik, mobilizatzera deitzen dugu: alde batetik, energia bezalako oinarrizko ondasun bat ordaintzeko zailtasunak ditugun bitartean, enpresa energetiko handiak irabazi ikaragarriak pilatu dituztela salatzeko. Edo beste era batean esanda, enpresa hauen mozkinak, gure miseriaren gain lortzen dutela salatzeko. Bestetik, energiaren fakturari aurre egin ezin izatea arazo indibiduala ez dela ikustarazteko eta problematika honen aurrean komunitatea indartzeko. Edo bestela esanda, zapalduon arteko elkartasuna sustatzeko.
Bukatzeko, adierazi nahi dugu egoera honen aurrean, autoritate politikoak bi aukera dituela. Oligopolio energetikoari men egin edota komuna dena, guztionak diren interesak eta beharren alde lerratzea. Orain arte, politika neoliberalen babesean, merkatuaren logikapean ez zeuden jardueren merkantilizazioak, pribatizazioak, finantzarizazioak eta desarauketak eman dira. Horrela, bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren ondasun eta zerbitzuen desjabetzea ekarriz, kapitalaren erreprodukzioaren mesedetan. Komunitatea oinarritzat hartzeak aldiz, filosofia orokorraz gain, egiteko moduak eraldatzea eskatzen du ere. Parte-hartzeko moduetan eta komunitatearen paperari dagokionez eraldaketa bat suposatzen baitu. Badakigu energiaren problematikaren irtenbideak ez direla errazak, baina hauek elkarrekin pentsatu eta martxan jartzearen aldekoak gara. Energia bezalako oinarrizko ondasun baten gainean komunitatearen kontrola da norabide aldaketa emateko modu bakarra.
Hala ere ez gara inozoak, BATUTAtik badakigu irtenbideak ez ditugula (soilik) auzo mailan topatuko. Auzoa egunerokotasuna gertatzen den espazioa da, eguneroko harreman estuenak sortzen diren tokia. Auzoak, problematika berdinak jasaten ditugunon artean harremanak garatzeko aukera ematen digu eta harreman horietatik elkarlaguntzako dinamika ezberdinak ernatu daitezkela sinestuta gaude. Azken finean, auzoa baldin bada gure egunerokotasunaren erreferentziazko espazioa, logikoa da espazio bizigarri bat bihurtu nahi izatea. Era berean, jakin badakigu beste eragileekin eta beste markoetan eragin beharko dugula helburu horiek lortzeko. Horregatik gure prestutasun osoa erakusten dugu beste eragile batzuekin elkarlanean.
BATUTA, Judimendiko Elkartasun Sarea