argia.eus
INPRIMATU
Itxiturako langa, zabalik

Mikel Aramendi 2024ko otsailaren 13a
Argazkia: Antara/Didik Suhartono

Demokrazia handienen hauteskunde-urtea omen den honetan, gure artean ez dute harrera abegikorra aurkitu hirugarrena omen denarenak. Otsailaren 14an egingo dira Indonesiako hauteskunde orokorrak. Ezikusia egin ez zaienean, judizio mindu samarren itu izan dira.

Munduko hirugarren demokrazia –herritarren zenbatekoaren arabera– omen den Indonesiari, itxura denez, ez dio bereziki axola kanpokoen ezkortasun horrek. Eta sailkapena bera ere maiseatuz erantzun ohi dute batzuetan: egun berean 200 milioi herritarrek bozkatu ahal duten herrialde bakarra direla munduan diote, arrazoiz. Indian hauteskunde nagusiak hainbat astez luzatzen baitira, eta Estatu Batuetan, biztanleak gehiago diren arren, botoa emateko eskubidedunak ez dira Indonesian adina.

Baina bitxikeriak alde batera, Indonesiako aurtengo hauteskunde orokorrek (presidentea eta presidenteordea, diputatuak eta senatariak, eta lekuko erakunde legegileetako kideak hautatzen baitira aldi berean), esanahi desberdin samarra dute barrura nahiz kanpora begira. Etxerako, azken hamarkadan doi-doiak izan diren barne-oreka politikoak alda ditzakete, betiere haustura ikaragarrien itxarokizunik gabe; baina gogoan izanik herrialdearen insularitateak berak (eta Konstituzioak) eskumen zabalak esleitzen dizkiela tokiko erakundeei, eta testuinguruak oso desberdinak direla batzuetan eta besteetan.

Kanpo-politikarako, ordea, erabakigarria da presidentea (de facto, hark beretzen baitu kanpo-harremanetako kartera, indar armatuen burutzarekin batera). Horrexegatik, aurtengo hauteskunde hauen inguruko ikusmin apurra presidentetzarako bozketan bilbatzen da. Apurra diot, inkestek nahiko argi iragartzen dutelako Prabowo Subianto / Gibran Rakabuming tandemak irabaziko dituela hauteskundeak; eta inkognita bakarra delako lehen itzulian nagusitzeko behar den % 50eko maila gaindituko ote duten.

Korapilo politikoa hortik aurrerakoa da. Bi agintaldiz presidente izan den (eta horrexegatik, oraingoan hautagai izan ezin zuen) Joko Widodok mundu-parte hartan gero eta kiskalgarriagoa den USA-Txina jazargoan erabateko neutraltasunari eutsi dio tentuz. Horren ondorioa da Estatu Batuen “Indo-Pazifikoko Estrategiaren” erdi-erdiko laukia ez ezik espazio horren guztiaren langa den Indonesiak ez duela parte hartzen jokoan. Eta, beraz, langarik gabeko ate zabala duela hesiak Txinarentzat.

Gaia hauteskunde-kanpainan apenas aipatu den arren, begiraleek diote Prabowok berretsi eta areagotu egingo duela Jokowiren neutraltasun-politika. Eta hori ez dute gustukoa batzuek. Bestearen alde jartzea dela deritzotelako.