argia.eus
INPRIMATU
Itxialdia adinaren arabera luzatzea giza eskubideen aurkakoa dela salatu dute pentsionistek
  • Konfinamendua leundu bitartean adinekoei itxialdia luzatzeko aukera mahai gainean dela ikusita, neurri horrekiko desadostasuna agertu dute pentsionistek.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 20a
Pentsionisten asteroko mobilizazio bat Bilbon (Argazkia: Foku / Aritz Loiola)

Adinak ez luke izan behar itxialdiaren iraupena zehazteko irizpidea, hala adierazi dute Bizkaiko Pentsiodunen Koordinakundeak, Nagusiak elkarteak eta Demokraziaren Aldeko Bizkaiko Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteak. Konfinamendua partzialki leundu bitartean adinekoei itxialdia luzatzeko aukera mahai gainean dela ikusita, konfinamendua luzapena adinaren arabera xedatzea “giza eskubideen aurkako erasoa” dela azpimarratu dute.

Adinekoen egoitzetan koronabirusa eragiten ari den sarraskia adineko ororen eskubideak urratzeko aitzakia ezin dela izan adierazi dute. Ildo horretan, gogorarazi dute adina heriotza eragiten duen gaitza izatetik urruti, bizi zikloaren parte dela. Hori esanda, adinekoak ez diren herritarrenganako begirune bera eskatu dute.

Nekane Murga Osasun sailburuak Ser irratian egindako adierazpenen arabera, Eusko Jaurlaritzak konfinamenduari amaiera emateko balizko hainbat bide ditu mahai gainean, eta itxialdia ez lukete herritar guztiek aldi berean etengo. Prozesu horretan adinekoek bete beharreko tokiari dagokionez, kontua “konplexua” dela adierazi du, baina arriskuak-arrisku, alderdi psikologikoa ere kontuan izan behar dela nabarmenduz.