argia.eus
INPRIMATU
Itxaropenaren Telefonora deitzen duten gazteen kopurua nabarmen handitu dela-eta, BadaBideBat zerbitzua jarri dute martxan
  • Arrasto emozional, psikologiko eta fisiko handia uzten ari da pandemia gazteengan eta Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonora deitzen dutenen kopuru esanguratsu bat 18-30 urte artekoa dela konturatuta, zerbitzu osatuagoa jarri dute martxan: BadaBideBat. Gazteek anonimoki jo dezakete zerbitzu honetara dituzten emozioak azaltzeko. “Guztiok behar dugu bultzadatxo bat gure bizitzako uneren batean”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko ekainaren 15a

2020an ikusi zuten zortzi urtean boskoiztu egin zela Itxaropenaren Telefonora deitzen zuten gazteen kopurua, eta adin tarte horretarako zerbitzu bereizitua antolatu dute. Ugariak dira lehen kontaktua egiteko bideak: txat anonimoa badabidebat.eus webgunea, kaixo@badabidebat.eus posta elektronikoa, whatsapa (747 421 720) eta doako telefonoa (900 840 335).

18 urtetik gorako gazteei bideratutako zerbitzua da, kezkak partekatu eta erabakiak hartzen laguntzeko. Zailtasun baten aurrean (lagunekin, ikasketekin, bikotekidearekin, lanarekin, adikzioekin, senideekin, bakardade sozialarekin, sexu-orientazioarekin…) modu anonimoan jar daitezke BadaBideBatekin harremanetan. Profesional talde bat egongo da gaztea entzun eta orientatzen saiatzeko, “baliabideak aurkitzen lagunduz, bakoitzaren erabakiak eta denborak errespetatuz”. Beharrezkoa izanez gero, psikologo batek ere hartuko du parte prozesuan.

Pandemiaren astindu emozionala

Hainbat ikerketa aipatu ditu zerbitzu honek, gazteengan pandemia uzten ari den arrasto larriaren isla. Espainiako Estatuan 3.000 laguni egindako inkestan, adibidez, ikusi dute 18 eta 24 urte artekoengan beste adin tarte batzuetan baino gehiago eragin duela egoera honek eta gazteek gehiago sufritu dutela esperantza falta, estresa, beldurra, kontrol falta edo ezinegona.

Nafarroako ikerketa bat ere azpimarratu dute. Horren arabera, lau gaztetik batek tentsioa, estresa edo agobioa sentitu du pandemian zehar eta lo galera, haserrea eta esperantza falta ere adierazi du hainbatek.