argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA |
Itxaropenak beldurrari irabazi dio Txilen
  • Gabriel Boric-ek, Apruebo Dignidad koalizioko hautagaiak (besteak beste, Frente Amplio eta Alderdi Komunista), hauteskunde presidentzialak irabazi ditu Txilen. 2021eko hauteskundeetan Latinoamerikako olatu ezkertiarrera batu dira Peru, Honduras eta Txile, hirurak Limako Taldeko fundatzaileak, AEBen herrialde menpekoenen aliantza Amerikan.

Asier Blas Mendoza @AxiBM 2021eko abenduaren 20a
Santiago kaleak, ezkerraren garaipena ospatzen duten herritarrez lepo.

2022an Limako Taldea erabat hondoratuta buka dezake Kolonbiako eta Brasileko hauteskunde presidentzialetan ezkerra boterera iristen bada. Bi hauek izan dira Latinoamerikako herrialde handien artean olatu aurrerakoi berriari ihes egiteko modua izan duten bakarrak. Gustavo Petrok Kolonbian eta Lulak Brasilen garaipena lortzen badute, Latinoamerikako mapa gorria izango da herrialde txiki bakan batzuetan izan ezik.

Aurreko olatuan bezala, berriak tokiko ezkerreko adierazpen propio ezberdinak ditu; baina denek ostertz moduan jartzen dute soberania indartzea, konbergentzia soziala sustatzea eta Latinoamerikako elkarlan esparrua bultzatzea. Halere, desberdintasun handiak daude orain hogei urte garatzen hasi zen olatu aurrerakoiarekin: nazioarteko testuinguru ekonomikoa txarra da eta lehenengo olatuan ezkerra nagusitu zen herrialdeetan eskuinek ziklo progresista desprestigiatu eta etorkizunean beste bat errepikatzeko oztopo diren aingura ugari jarri dituzte.

Esperientzia berrien artean aldiz ilusioa da nagusi, frustrazioa oraindik agertu ez delako. Gainera, herrialde hauetan neoliberalismoaren hegemonia ia erabatekoa denez, indar aurrerakoien artean adostasun zabala dago eskubide zibilen defentsan eta politika sozioekonomikoetan eman beharreko lehenengo pausoetan. Oinarrizko neurri askok gehiengoaren bizi baldintzak hobetuko ditu pitzadura garrantzitsurik sortu gabe aliantza progresistetan.

"Politika autoritarioak eta neoliberalak atzean uzteko joko-arau berriak behar dira eta, zalantzarik gabe, Boric da prozesu konstituziogilea lagunduko duen presidentea"

Honen adibidea da Txile; hauteskunde presidentzialean ez zegoen jokoan erregimenaren eredua aldatzea, aukera hori 2019ko mobilizazio masiboek ireki zuten Pinocheten garaiko konstituzioa aldatzeko konbentzio konstituziogilea lortuz. Politika autoritarioak eta neoliberalak atzean uzteko joko-arau berriak behar dira eta, zalantzarik gabe, Boric da prozesu konstituziogilea lagunduko duen presidentea. José Antoniko Kast-ek irabazi balu, prozesu guztia arriskuan zegokeen eta egungo politika neoliberal eta autoritarioetan sakonduko zukeen. Azken hau saihestea eta prozesu konstituziogilea berrindartzea, herrialdeak behar dituen aldaketa sakonak egiteko aukerak eta baldintzak sortzea da.

Ez da lan erraza izango, Txileko eskuineko gobernuak bi urte daramatza prozesu konstituziogilea desprestigiatzen. Denbora honetan ezkerreko indarrek gai sinbolikoetan jarri dute indarra, ez da aurrerapen garrantzitsurik izan gehiengoaren bizi-baldintzen hobekuntzan. Adibidez, berriki parlamentuak abortuaren lege-proiektua bertan behera utzi du.

Txilen, Latinoamerika osoan gertatzen den bezala, oligarkia ekonomikoak basatiak dira beren pribilegioen defentsan. Horri erantsi behar zaio parlamentua oso zatituta dagoela, Boricek ez du gehiengoa izango, nahiz eta ezkerreko hautagaiak bigarren itzulira begira programaren elementu batzuk moderatu behar izan zituen babes-plataforma zabalagoa sortzeko. Halere, indar aurrerakoiek eta presidenteak badute non gotortu: Konbentzio Konstituziogilean sektore ezkertiar eta subalternoen gehiengoa sendoa da. Hamarkadetan neoliberalismoaren adibide arrakastatsu gisa erabili duten Txilen gauzak sakonki aldatzen badira, gauzak gehiengoen mesedetan edonon alda daitezkeela erakutsiko da.