Naiz eta El Diario Vasco agerkariek eman dute berria. Eskuratu duten informazioaren arabera, Osasun Sailak plan bat prestatu du ebakuntzetako itxaron zerrendak murrizteko. Bi adar nagusi ditu planak: batetik, ospitale publikoetatik gaixo multzoak bideratuko dituzte ospitale pribatuetara, eta bestetik, ospitale publikoetan arratsaldeko txandak beteko dituzte.
Naiz eta El Diario Vasco hedabideek eskuratu duten informazioaren arabera, duela egun batzuk Osakidetzak hainbat ospitaleri gidalerro bat helarazi zien, eta eskatzen zitzaien “[ospitale pribatuetara] bideratu daitezkeen pazienteen kopurua kalkulatzea”, itxaron zerrenda luzeenak dauzkaten espezialitateetan.
Naiz-en arabera, Gipuzkoan adibidez, paziente multzoak ospitale pribatuetara bideratzen ari dira kataratetatik operatzeko, eta aldaka eta belauneko protesiak jartzeko. Espezialitate horietan, ebakuntzak egiteko hiru hilabeteko atzerapena baino gehiago dute. Bidasoako ospitaleak, oftalmologiako pazienteen 150eko zerrenda osatu du eta traumatologiako 50ekoa. Donostiako eta Mendaroko ospitaleek ere, halako zerrendak bideratu dituzte.
Beste ospitale batzuek, paziente multzoak ospitale pribatuetara bideratu beharrean, etxe barruan egin dituzte aldaketak. Gurutzetako ospitalean (Barakaldo) eraginkortasun handiagoz aritzeko plana prestatu dute, eta horretarako, ohikoa baino ebakuntza gehiago programatu dituzte arratsaldeetan. Traumatologian, atzerapen handienetakoa duen espezialitatean, arratsalde bakoitzean ebakuntza bat egitetik lau egitera pasako dira. Ebakuntzak bertan egiteaz gain, San Juan de Dios ospitale pribatura ohikoan baino herritar gehiago bideratuko dituzte. Ospitale horretan Gurutzetako profesionalek egingo dituzte ebakuntzak.
Basurton, berriz, uda aurretik jakinarazi zitzaion Oftalmologia Zerbitzuari kataraten itxaron zerrendaren zati handi bat hiriko ospitale batera bideratuko zutela.
Gasteizko, Txagorritxu eta Santiago ospitaleetan bi eratara lortuko dute itxaron zerrendak murriztea. Batetik, arratsaldean aparteko orduak gehituko dituzte, eta bestetik, zentro pribatuetara joko dute, hainbat urtez halakorik egin gabe egon ondoren.
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Urkulluk, irailaren 14an, politika orokorreko osoko bilkuran adierazi zuen sei hilabetean pandemia aurreko itxaron zerrenden epeetara itzultzeko plana abiatuko zuela.
Azken hilabeteotan, EAEko biztanleek arazo nagusien zerrendan bigarren tokia eman diote Osakidetzari, Deustobarometroak eta Soziometroak adierazten dutenez.