Sarako Idazleen 33. Biltzarraren aurtengo ekitaldia gazteei berreziki zuzendurik dago. Gaur goizean ireki ditu ateak. Euskal idazleen topaguneak jende berria erakartzea du xede. Ekitaldian, Itxaro Borda idazlea eta Michel Iturria marrazkilaria omenduak izanen dira.
Sarako 33. Biltzarra pazko biharamunean ospatzen da. Euskal idazleen topaguneak aurten publiko berria erakartzea du xede. Tailerrak, ikuskizunak eta ipuin irakurketak izanen dira goizetik arratsaldera. Halaber, antolatzaileek euskarari toki handiagoa egitea dute xede. Kari horietara, gazteak ingurarazi nahi dituzte, parte har dezaten.
Ekitaldian hamaika argitaletxe, 22 elkarte eta ehun idazlek baino gehiagok parte hartuko dute. EKE Euskal Kultur Erakundeko zuzendari Pantxoa Etchegoinek idazleen garrantzia azpimarratu du: “Idazleen biltzarra da. Argitaletxeek eta elkarteek gero eta indar handiagoa duten arren, protagonistak idazleak dira”.
Biltzarreko arduradun Jean Michel Garatek, berriz, idazleen eta irakurleen aurrez aurreko harreman gauzatzeko toki egokia dela nabarmendu du.
Biltzarraren eremuko ohiko ereduaz gain, beste hiru apailatu dituzte: mintzaldien txokoa, liburuak dohainik kontsultatzekoa eta erakusketa artistikoena.
Pantxoa Etchegoinek aurtengoari “esperimentatzeko” biltzarra deitu dio: “Dinamika berri bat piztu nahi dugu, ohartu baikara egiazko biltzar bat dela eta bistan da eraberritu behar dugula”. Ikastetxetako haurrekin eta irakasleekin aritu izan dira erakusketa prestatzeko. Xede nagusien artean ikasleek eta irakasleek elkarrekin parte hartzea baita.
Itxaro Borda idazlea eta Michel Iturria marrazkilaria omenduak
Aurtengo euskal idazleen biltzarrak bi pertsona omenduko ditu: Itxaro Borda idazlea eta Michel Iturria marrazkilaria. Bordaren liburuak eta Iturriaren marrazkiak izanen dira ikusgai egun osoan. Borda obra zabal baten egilea da eta Iturria, milaka marrazkirena.