Itxaro Bordak Xarles Videgainen hutsartea beteko du eta Andres Alberdik Andoni Sagarnarena. Orain, zortzi hilabeteko epea dute biek sarrera-hitzaldia prestatzeko. Bi euskaltzain oso berriak kontuan hartuta, 98 lagun dira sorreratik Euskararen Akademiak izendatu dituen euskaltzain osoak. Gaur egun, 24 euskaltzain osoz eta hamar euskaltzain emerituz osatua da Euskaltzaindia.
Euskararen Akademiak euskaltzain berriak izendatu ditu larunbatean, Donostiako udaletxean egin duten Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Xarles Videgain eta Andoni Sagarna emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsuneak betetzeko, eta Itxaro Bordak eta Andres Alberdik erdietsi dute Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa.
Gogoratu behar da Xarles Videgain eta Andoni Sagarna emeritu izatera igaro zirela uda aurretik, eta uztailaren 22an zabaldu zela bi-bien hutsuneak betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Euskaltzale lapurtarrak ekainaren 30ean 75 urte bete zituela eta, euskaltzain emeritu bilakatu zen, Euskaltzaindiaren barne-arauek xedatzen dutena aintzat hartuta. Beste horrenbeste gertatu zen Andoni Sagarnarekin; Donostiako euskaltzain osoak uztailaren 11n bete baitzituen 75 urte.
Itxaro Borda eta Andres Alberdi hautagaiak aurkeztu zituzten euskaltzainek urriaren 28an, Akademiaren Gasteizko ordezkaritzan egin zen Osoko bilkuran, eta larunbatean biak izendatu ditu euskaltzain oso.
Gaur egungo euskaltzain osoen zerrenda ondorengoa da (guztira, 24: hamabost gizonezko eta bederatzi emakumezko): Sagrario Aleman, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Andres Alberdi, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Goenaga, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Castillo Suárez, Ana Toledo, Miriam Urkia, Andres Urrutia, eta Mikel Zalbide.
Itxaro Borda (Baiona, 1959). Oragarrekoa da familia. Historiako goi-mailako ikasketak egin zituen eta gaur egun postari ogibidetik erretiratua da. Idazlea, poeta, artikulu eta abestiren testu-egilea da Euskal Herriko hainbat musikarirentzat. ARGIAko kolaboratzailea da aspalditik. Gazte-gazterik hasi zen izkiriatzen Herria astekarian eta ordutik ez da gelditu. Euskadi Literatura saria irabazi zuen 2002an %100 Basque lanari esker –frantsesez argitaratu zen 2004an eta gaztelaniaz 2012an−. Mugarriak finkatu dituzten nobelak eta olerki bildumak plazaratu ditu Maiatz, Susa, Alberdania eta Elkar argitaletxeetan, bereziki Amaia Ezpeldoi detektibe lesbianarekikoak. Hondar mende erdiko euskal gizartearen bilakaeraz idazten du, ikuspuntu periferiko batetik, hots, Ipar Euskal Herritik, historizitatetik eta feminismotik. Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen 2021eko azaroaren 26an.
Andres Alberdi Gorostiaga (Getaria,1950). Filosofian lizentziaduna. Irakaskuntzan aritua 38 urtean. Lehenengo, Elgoibarko Ikastolan; ondoren, Elgoibarko Institutuan, eta bertan, Euskara eta Literaturako katedraduna 1982tik, harik eta 2011n erretiroa hartu zuen arte. Bakarka zein elkarlanean, 1986tik, DBHko eta Batxilergoko Euskara eta Literaturako hogeitik gora ikasliburu eta gramatikaren egilea da. 1986-1990 bitartean, EGAko aztertzaile-taldeko kide, eta, 1988-1990 urteetan, Azterketa Batzorde Ofizialeko zuzendaritza-kidea, Gipuzkoako arduradun akademiko gisa. 1991-92 ikasturtetik 2011ra arte, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko EIMA Programan aritua. 2007tik, Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko lantaldeko partaide da. 2014tik, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordeburu, eta batzorde horrek 2018an paraturiko Euskara Batuaren Eskuliburuaren (2018) prestatzaile eta egilea. 2022tik, Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduko idazkaria da. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2018an. Euskara Batuaren Eskuliburuaz gain, bestelako lan batzuk ere ondu ditu Alberdik. Tartean, Bidegileak bildumako bi kaiera (Manuel Larramendi eta Agustin P. Iturriagaren jardun eta bizitzari eskainitakoak), Oinarrizko gramatika (2008, Donostia: Elkar) eta Ahoskera (2014, Gasteiz: EIMA. Eusko Jaurlaritza).