argia.eus
INPRIMATU
Iturrietako Mendiak eta Gasteizko Mendiak babesteko erresistentzia eguna egin dute
  • Mendi horietan egin nahi dituzten zentral eoliko eta fotovoltaikoen aurkako aldarriak zabaldu dituzte urriaren 20an herritarrek egin duten mendi martxaren bidez. Arabako Mendiak Aske elkarteak antolatu du egun osoko egitaraua.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko urriaren 21

"Azazeta-Laminoria salba dezagun" lemapean elkartu dira herritarrak. Arabako Mendiak Askek seinalatu du "mendi horien industrializazioak eta pribatizazioak" biodibertsitatearen eta ekosistema egonkorren galera ekarriko luketela. Nabarmendu du egun jabetza komunala dutela eta "birsortzeko gaitasuna errespetatzen duten erabilerak" dituztela.

Gaineratu duenez, kontzejuek zentral eoliko eta fotovoltaikoaren aurkako jarrera adierazi dute. "Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak egindako txosten teknikoak arrazoia ematen digu, eta ondorioztatzen du Laminoriako zentral eolikoak sortuko lukeen ingurumen-inpaktuak larritasun kritikoa izango lukeela, eta ezin dela onartu hori egitea arriskuan dauden hegazti-faunaren eta kiroptero katalogatuen gainean eta Natura 2000 Sareko espazioen arteko konektibitate ekologikoaren gainean", azaldu du Arabako Mendiak Askek.

"Gure agintariek Iberdrolarekiko basailutza adierazten dute"

Arabako Mendiak Askek zera adierazi du: "Eskandalagarria eta oso kezkagarria da Aixeindar enpresak balio ekosistemiko handiko mendietan zentral eoliko eta fotovoltaiko bat proiektatzea, Eusko Jaurlaritzaren partaidetzarekin. Lurraldeak dituen kontserbazio-printzipioekiko erakusten duten itxuragabekeriaren eta mespretxuaren neurria ematen digu. Era berean, gure agintariek transnazional energetikoekiko, kasu honetan Iberdrolarekiko, duten lankidetza eta basailutza adierazten du".

Aurreko astean Arabako Mendiak Askek salatu zuen Aixeindar enpresak Iturrietako mendilerroan jarria duen haizea neurtzeko dorreak ez dituela gaur egun hegaztien babeserako neurriak bermatzen.