argia.eus
INPRIMATU
Iturgaiz, aingura hegoduna
  • PPk historiako emaitzarik txarrenetakoak lortu ditu EAEko hauteskundeetan, baina Carlos Iturgaiz, alderdiaren Madrilgo aparatuak inposatutako zerrendaburua, euforiko agertu da uztailaren 12ko emaitzak baloratzera.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko uztailaren 12a
Carlos Iturgaizek positiboki baloratu ditu PP-Cs-en emaitzak.

PPko Raquel Gonzálezek ez zuen dena galdutzat ematen 21:30ak aldera. Lehenbiziko emaitza ofizialak eskuan, bere alderdiaren eta Ciudadanosen arteko koalizioak kolpe handi samarra hartuko zuela ikusten zen arren, eskuineko partiduaren Bizkaiko presidenteak zenbaketan jarri du letra larria: “Oraindik %50 bakarrik zenbatu da eta gauza asko gerta daitezke gaur. Abstentzioak asko kezkatzen gaitu, denok galdetu beharko genuke zergatik gertatu den hori”, adierazi du. Eta hitzaldi laburra bukatzeko, zera gaineratu du: “Gure hautagaiak egingo du balorazioa gauaren amaieran”.

Gauzak horrela antolatuta edukiko zituzten segur aski, baina hauteskunde hauetan PPk eta Cs-ek lortutako emaitza txarren aurpegia Carlos Iturgaiz izango zela azpimarratzea agian ez da detaile hutsala, kontuan izanda santurtziarra lehendakarigai bihurtzea Madrildik egindako inposizioa izan dela EAEko PPrentzat; eta Gonzálezek berak zuzenean pairatu duela Pablo Casadok alderdiari emandako “Ultras Sur” ildoa, iaz Bilboko Udaleko ordezkarien brindis batean parte hartzeagatik –besteak beste EH Bilduko ordezkariekin– kritika gogorrak jaso baitzituen Genovatik. Ez da giro EAEko PPn azkenaldian, mapatik desagertu diren Semper, Quiroga edo Alonsorekin akordatzea besterik ez dago.

Emaitza txarrak, beraz: Ciudadanosekin bat eginda ere, lau eserleku galdu ditu PPk 2016ko hauteskundeekin alderatuta. Duela 30 urteko emaitzetara itzuli da; eta Alianza Popularren garaietara joan behar da uztailaren 12 honetakoak baino emaitza txarragoak aurkitzeko.

Baina atera da Iturgaiz 23:00ak jo baino pixka bat lehenago kameren aurrera, eta xanpain botila burutik behera hustea bakarrik falta izan zaio, hain zegoen energiko: “Inkestei irabazi diegu, denek ematen zizkiguten bost eserlekutik behera”, egin du aldarri. Ondoren, José Félix Tezanos aipatu du izen-abizenez: eskuinaren jo-puntuan dago aspaldi honetan Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroko (CIS) presidentea, PSOEren aldeko emaitzak aurreratzen dituelakoan. “Botoen %2,8rekin legebiltzarretik desagertuko ginela esan zuen Tezanosek eta hemen gaude”, esan du popularren zerrendaburuak.

Abstentzio handiarengatik kezkatuta agertu ondoren, Eusko Jaurlaritzari leporatu dio parte hartze baxua. Eta segidan, bere ohiko errepertorioa jotzen hasi da –a cappella, hori bai–: “Abstentzio horrek erraztu du hemendik aurrera parlamentuaren lau bosten abertzaleak izatea. Batzuek Bildu zuritzen eta erabiltzen dute, biolentzia kondenatzen ez duten horiek, alegia; eta horrek bakarrik balio du Bildu indartzeko”.

Hizketan jarraitu ahala indarra hartzen joan da Iturgaiz: Alberto Nuñez Feijook Galizian lortutako gehiengo absolutuaz poztu ondoren, EAEn ere seigarren eserlekua lortzeko aukerak dauzkatela ohartarazi du, gogoratzeko azkeneko Espainiako bozetan Bea Fanjulek nola eskuratu zuen eserleku bat posta bidezko botoa zenbatu ostean. Hitzaldiaren unerik gorenera iritsita, PP eta Cs “zentro-eskuin konstituzionalistaren indar nagusia” direla esatera iritsi da.

Carlos Iturgaiz aingura hegoduna baita: erortzen bada ere, gorantz erortzen da.