Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.
Miguel Iturbide Guardia Zibilak hil zuen Zugarramurdin 1967an, 16 urte zituenean. ETAko kidea zela esan zuten eta hilketa justifikatzeko pistola bat jarri zioten eskuetan, Egiaren garaia da ekimenak jakinarazi duenez. Auzia artxibatu egin zen eta bere hilketaren arduradunak ez ziren inoiz zigortuak izan.
Felix Jiménez bitan atxilotu eta torturatu zuen Guardia Zibilak, 1978an eta 1982an. Lehenengo atxiloketa Liga Komunista Iraultzailearen egoitzaren aurkako eraso faxista bat salatzeko polizia-etxera joan zenean gertatu zen. Bigarrenean, manifestazio batean atxilotu zuen Poliziak, eta atxiloaldian sudurra apurtu zioten. Gertakariak salatu zituen eta epaiketak arrazoia eman zion.
Ibai Azkona Espainiako Poliziak atxilotu zuen 2008an, Grande Marlaska epailearen aginduz. Inkomunikatua izan zen eta torturak salatu zituen, bai Marlaska beraren aurrean, bai Iruñeko auzitegietan ere. Grande Marlaska gaur egun Espainiako Gobernuko Barne Ministroa da.
Egiaren garaia da ekimena pozik
Aitortza hauek Nafarroako Gobernuko Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak eman ditu, 16/2019 Foru Legean oinarrituta. Lege honen helburua da Nafarroan eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonei errekonozimendua eta erreparazioa ematea.
Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor Fundazioak osatzen dute Egiaren garaia da. Memoria inklusiboa Nafarroarentzat dinamika, eta honek aitortzaren balorazio positiboa egin du, “Estatuko biktimen aitorpen ofizialak berekin baitakar urte luzeetan jasan dugun diskriminazioa apurka-apurka gainditzea, eta jasandako giza eskubideen urraketak erreparazio bidean jartzea”.
Atortza hau eskatzeko epea 2027ra arte zabalik dagoela azpimarratu dute eta estatuaren eta eskuin muturraren aldetik giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonak salaketak egitera animatzen dituzte. Behar den laguntza emateko, honako kontaktuak eman dituzte: infona@egiarizor.eus, nafarroakotorturatuensarea@gamil.com edota 948307715 telefonora deituta.