argia.eus
INPRIMATU
Itunpekoetako irakasleen soldatak eskola publikoarekin parekatzen hasteko, 67 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak
  • Itunpeko ikastetxeetan ari diren irakasleen soldata eskola publikoan ari direnekin parekatuko du Eusko Jaurlaritzak. Parekatzea progresiboa izango da, prozesua 2027an amaituko da eta prozesua hasteko 67 milioi euro bideratuko ditu aurtengo aurrekontu publikoetatik. Hezkuntza Lege berriaren barruan kokatzen da ekimena.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko urriaren 16a
BegoƱa Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Irekia.eus

Aurrekontu Legea aldatuko du Eusko Jaurlaritzak, 67 milioi euro horiek itunpeko irakasleen soldatetara bideratu ahal izateko. 2023-2024 urteetako soldatetarako dira 67 milioi horiek (atzeraeraginezko izaera du legeak eta beraz 2023a ere hartuko du), baina parekatze prozesua 2027an amaituko da.

Besteak beste, Jaurlaritzaren arabera berriki onartu den Hezkuntza Legea du atzean erabakiak, eta helburua da “funts publikoen bitartez finantzatuta dauden itunpeko ikastetxeetan ikaskuntza doakoa eta kalitatezkoa bermatzea”. Beste hitz batzuetan, ikastola eta kristau eskoletan familiei kobratzen zaizkien kuotak desagertzen joatea da asmoa, “saihestuko delako itunpeko ikastetxeek beren kuoten bidez soldata-igoeren ondorioak islatu behar izatea”, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren hitzetan. Legez debekatuta dagoen arren, kuota kobratzen dute oraindik hainbat ikastetxek, eta “horretan lanean” ari direla adierazi du Pedrosak.

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa deituriko formula dago oinarrian, EAEko Hezkuntza Lege berriak onartu zuen formula polemikoa. Eskola publikoaren bueltako eragileek ez dute begi onez ikusten formula, eta honela laburbildu zuen EHIGE guraso elkarteko koordinatzaile Lurdes Imazek, legea atera berritan: “Diru publikoz hobeto finantzatuta egongo den sare itunpekoarekin lehiatu beharko da sare publikoa, zeina lehen baino okerrago geratuko den lege honekin”.

Begoña Pedrosak gogoratu du Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoak betebehar gehigarriak ere ezarriko dizkiela ikastetxe guztiei, hala nola gardentasunari eta langileen sarbideari lotuta.

Ikastolen Elkartea: "Honek ez du doakotasunerako bidea errazten"

Ikastolen Elkarteak “norabide onean” kokatu du erabakia, baina hainbat ohar egin nahi izan ditu. Besteak beste, gogoratu du soldata igoerak langile batzuengan eragingo duela, baina “gainerako langile guztien soldata-igoera Ikastolok hartu dugu gure gain, honek dakarren gainkostuarekin. Gainera, langile guztien soldata-ekiparazioa ez dago inon aurreikusita”.

Neurri honekin doakotasuneranzko urratsak ematen direla-eta, iritzi ezberdina du Elkarteak: “Ikastolok gainkostu bat hartu dugu gure gain, eta honek ez du doakotasunerako bidea errazten. Langile ez dozente guztien eta 0-1 zikloko hezitzaileen soldata-igoera gure gain hartu dugu inolako finantzaziorik gabe. Beraz, Ikastoletako kooperatibisten ahaleginari eta ekarpenari esker lortuko da soldata horiek finantzatzea”.

Bestelako finantzazio beharrak ere mahai gainean jarri ditu Ikastolen Elkarteak: “Geletako ratioak aldatzea, ikasle zaurgarriei arreta egokia emateko pertsonala kontratatzeko finantzazioa, euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko figura berriak finantzatzea, eraldaketa pedagogikorako baliabideak finantzatzea…”.