argia.eus
INPRIMATU
Itunpeko ikastetxeek jasoko dute pandemiari aurre egiteko diru-laguntzen herena EAEn
  • Itunpeko ikastetxeentzat 36.689.760 euroko diru-laguntza berezia onartu du Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak astearte honetako bileran: COVID-19ari aurre egiteko neurrietara bideratuko da eta autonomia erkidegoko 314 itunpeko zentro izan daitezke onuradunak.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 25a
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua EAEko legebiltzarreko saio batean (argazkia: Irekia).

Eusko Jaurlaritzak asteartean erabaki du 36,6 milioi euroko diru-laguntzak emango dizkiela itunpeko ikastetxeei COVID-19aren aurkako prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten neurriek eragindako gastu gehigarriak ordaintzeko. Langile berriak kontratatzeko edo lehendik daudenei ordu-kopurua gehitzeko baliatu ahalko dituzte itunpeko zentroek diru-laguntzak, baita irakasleen ordezkapenetarako, garbiketa gastuetarako eta material informatikoa erosteko edo alokatzeko ere.

Horrenbestez, pandemia dela-eta hezkuntzara bideratuko den diru gehigarriaren heren bat inguru itunpeko ikastetxeen esku geratuko da. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 314 dira EAEn laguntza hauen onuradun izateko baldintzetan. Sare publikoko ikastetxeek, aldiz, 65,1 milioi gehigarri jasoko dituzte astearte honetan iragarritakoaren arabera.

Jaurlaritzak emandako azalpenen arabera, kontratazioetara bideratutako diru-kopurua kalkulatzeko orduan “kontuan izan dira ikastetxe bakoitzaren gela eta ikasle kopurua, baita ikastetxe bakoitzaren Hezkuntza Konplexutasunaren Indizea ere”. Azkeneko hori osatzeko hainbat adierazle hartu direla kontuan gaineratu du EAEko Gobernuak, besteak beste “ikaskuntzaren emaitzak, hezkuntza-laguntzarako beharrak, egokitasuna, ikasleek ikastetxean duten jarraikortasuna eta maila sozioekonomikoa”.

Beste irizpide batzuk ere aintzat hartu dira, adibidez material informatikoa erosteko zentro bakoitzaren ikasle kopurua erabili da irizpide gisa eta garbiketara edo irakasleen ordezkapenera bideratutako diruen kasuan, hezkuntza-itunean emandako moduluei igoerak ezarri zaizkie. Jokin Bildarratzek zuzentzen duen sailak azaldu duenez, 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean egin beharko dira diru-laguntza hauen helburu diren gastuak.