argia.eus
INPRIMATU
Itunpeko ikastetxe pribatuetako langileak greban, hitzarmena berritzea helburu
  • EAEko Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileek (tartean Kristau Eskolakoek eta IZEA Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomokoek) greba egin dute astearte eta asteazken honetan. Hiru urteko negoziazio eskaeren ostean, 10.000 langileri eragiten dien hitzarmena berritzeko patronalak jarrera “inmobilista” izaten jarraitzen duela salatu dute sindikatuek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko maiatzaren 16a
ELAren irudia: "Argazkian manifestadiaren erdia besterik ez da ikusten. Zenbat langile behar dituzte Kristau Eskola eta Izea patronalek benetako negoziazioa hasteko?"

ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT, guztiek deituriko greba egunak izan dira. Sindikatuen arabera, %65eko jarraipena izan dute grebek eta patronalaren esanetan berriz, %30ekoa.

2009ko hitzarmena berritzea eskatzen dute sindikatuek, besteak beste soldatak igotzeko (izoztuta mantendu dira azken hamar urteotan) eta lan kargak murrizteko. Patronalari leporatu diote ez diela jaramonik egiten eta ez duela negoziatzeko inongo borondaterik. “Ez digute negoziatzera deitzen, eta ikastetxe barruan nahiz kanpoan daramaten desinformazio kanpainarekin jarraitzea lehenesten dute”.

Patronalak jarrera aldatzen ez badu, protestak indartuko dituztela iragarri dute sindikatuek.

Bestalde, ikastetxe batzuetako zuzendaritzek greba eskubidea urratzen dihardutela salatu du ELAk: Bizkaiko Lan Ikuskaritzak adierazi zuen martxoaren 20ko mobilizazioetan greba eskubidea urratu zuela ikastetxe batek, bada "oraingo greba deialdi hauetan ere, ikastetxe batzuetako zuzendaritzek greba eskubidea urratzen jarraitu dute, langile grebalariak ordezkatuz".