Itunpeko eskoletan greba egin dute bart, EAEn, lan hitzarmena aldarrikatzeko. Sindikatuen ustez, “arrakastatsua” izan da. Patronaleren esanetan, aldiz, irakaslegoaren %24ak baino ez du babestu.
“Blokeo” egoeran dago Euskal Autonomi Erkidegoko itunpeko eskolen gatazka. Hala adierazi dute sindikatuek. Horregatik, bart egindako protestan bi patronalen –Kristau Eskola eta AICE (Ikasketa Zentroen Elkarte Independentea)– eta bost sindikatuen –ELA, CCOO, STEE-EILAS, LAB eta UGT– arteko negoziazio mahaia berriz ere abian jartzeko eskatu dute, lan gatazka konpondu asmoz. “Murrizketa eta txantairik gabeko elkarrizketa nahi dugu”, esan du ELAko ordezkari Xabier Irastorzak.
ELAren irudiko, langileen %80ak bat egin du greba deialdiarekin. Kristau Eskolaren zenbaketa, ordea, oso bestelakoa da; probintziaka aztertu du mobilizazioaren eragina. Dionez, Gipuzkoan %10eko babesa izan du; Araban, %24koa; eta Bizkaian, %34koa
Lan hitzarmena, gatazka iturri
Irastorzak kritikatu du EAEko irakasleei Espainiako Estatuko lan hitzarmena ezartzea: “soldata bakoitzean 1.500 euroko murrizketa ekarri du”. Gainera, gogoratu du Kristau Eskolak “etengabe” errepikatu izan zuela ez zuela estatu mailako neurria aplikatuko, azkenean, baina, ezarri egin du. Sindikatuek, EAEko hitzarmen propioarekin jarraitzeko galdegin diote Kristau Eskolari eta AICEri.
Iragarritako bi greben lehena izan da bart egindakoa. Asteotan hurrengo mobilizazioari ekingo diotela aurreratu dute protestetako deitzaileek.