Presoen eskubiderako Sarek larunbaterako deitu zuen manifestazioan parte hartu zuen, beste urte batez, Itziar Ituño aktore basauritarrak. Eskuin muturreko eragile eta erabiltzaileek bere aurkako kanpaina jarri dute abian. Lehen neurriak heldu dira: BMWk eta Iberiak aktorearekin duten harremana eten dute.
Espainiako Estatuko hegazkin konpainia ezagunak, Iberiak, Itziar Ituño aktore basauriarra agertzen den bideo-iragarkiak sareetatik ezabatu ditu eskuin muturraren diskurtsoei men eginda. Inolako jakinarazpen edo adierazpen publikorik egin gabe borratu dute iragarkia.
Azalpenak –eta a zer nolakoak– eman dituena, ordea, BMW Lurauto izan da. BMWk Hego Euskal Herrian duen kontzesionario ofiziala da BMW Lurauto; berak kaleratu zuen atzo Itziar Ituño basauriarrarekin harremana etetea iragartzen zuen komunikatua. Adi adierazpen batzuei, honela diote: "Gu ez gara inolako pentsaera politikora lotzen, beraz, atsekabez hartu dugu gure irudia kutsu ideologiko jakin bateko ekintza batekin lotzea. BMW Lurauton gure konpromisoa berresten dugu aniztasunarekiko, inklusioarekiko eta jendartearen %100aren errespetuarekiko".
Gizartearen %100a errespetatzen dutela adierazten duten komunikatuan, kurioski, pertsona batetiko harremana eteten dute. Gizartearen "%100a errespetatzea" edota babestea posible balitz bezala, gainera –Carrefourrek ere esango ote du mundu osoaren errespetuan sinesten duela, eta Israel hornitzen jarraitu?–. Horrelako adierazpenak, praktikan jartzea ezinezko izateaz gain, despolitizazioa bultzatzearen aldekoak direla seinalatu dute hainbat erabiltzaileek sareetan.
Sareetan, era berean, asko eta asko dira BMW Lurautoren erabakia "apalegia" dela pentsatu dutenak. Erreparatu bestela txio honi eta erantzunei. Besteren artean, adierazpen hauek irakur daitezke: "Ez zen errazagoa terrorismoa kondenatzen duzuela esatea?" ; "Ideologia jakin bat ez da jendea hiltzea, hori terrorismoa da" : "Kosta zaizue ETAko kidea etxera bidaltzea" ; "Egin boikot BMWri, ez baitu terrorismoa seinalatzeko ausardiarik".
Horrez gain, zenbaitzuk baliatu dute afera BMWren iragan nazia gogoratzeko. Hitlerrekin harreman estua eta gertukoa izan zuen enpresaren jabe Quandt familiak; David de Jong kazetariak liburu batean jaso zuenez, Quandt familiari zin egin zion Hitlerrek "garai oparoak" biziko zituela nazismoa babesteagatik.
Ez da lehen aldia
Ez da lehen aldia ez Ituñok Sareren mobilizazioetan parte hartzen duena, ezta eskuin muturrak bere aurkako kanpaina abiatzen duena ere. Esaterako, 2017an, La casa de papel telesaila Espainiako telebista kate batek estreinatuko zuenean, telesailari boikota egitera deitu zuten.
Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek Espainiako Estatuan jasan behar izan duten zentsura ere esanguratsua da. Kasu honetan, bide beretik dator gainera, Euskadiko PPren salaketari esker, Ertzaintza ikertzen ari delako Joxe Mari Agirretxe, Sarek manifestaziora deitzeko eginiko bideoan ageri delako Porrotx.
Sare: "Ezin gara isilik geratu lintxamendu publiko honek dakarren bidegabekeriaren aurrean"
Ituñori eta Agirretxeri babesa adierazteko, eta jasaten ari diren lintxamendua salatzeko, Sarek oharra kaleratu du astearte goizean. "Badirudi gizarte hau anitza dela ulertzeko gai ez direnei ez zaiela gustatzen euskal gizarteak konponbidearen eta bizikidetzaren giltzak izan nahi izatea", jakinarazi dute oharrean.
Horrez gain, adierazpen askatasunaren aldeko mezua ere aldarrikatu dute, baita eskubide hori baliatzeagatik jazartua eta kriminalizatua ez izatearen eskubidea ere, eta erakunde publikoei dei egin die, babesa adieraz diezaioten jazarpena pairatzen ari direnei.