argia.eus
INPRIMATU
Euskalgintzaren Kontseilua
“Itunak hezkuntzaren gehiengoaren eskaria jaso behar du”
  • Euskalgintzaren Kontseiluak otsailaren 18an aurkeztu ditu EAEko hezkuntza akordioaren zirroborroari egin dizkion hamazortzi zuzenketak. Seinalatu duenez, zirriborroen oinarrietan ez dira jaso eragile sozial, sindikal eta euskalgintzak adostu zuten "Euskaraz Hezi Berdintasunean Hazi" adierazpenaren eskaerak eta horrek "harridura ez ezik kezka ere" sortu die.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 18a

Euskararen normalizazioaren aldeko 30 gizarte erakunde batzen dituen Euskalgintzaren Kontseiluak hamazortzi zuzenketa egin dizkio EAEko hezkuntza akordioaren zirriborroari, bi multzotan sailkatuta: batetik, Euskaraz Hezi Berdintasunean Hazi adierazpenari lotutako bi ekarpen, eta bestetik, Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen proposamenean oinarritutako hamasei ekarpen.

"Eragileen adostasunari ezin zaio muzin egin"

Kontseiluak azpimarratu du iragan abenduaren 16an EHIGE, EHko Ikastolak, HEIZE, Kristau Eskola, Hik Hasi, ELA, LAB eta STEILAS eragileek, Kontseiluarekin batera, ekarpen bateratua aurkeztu zutela eta horren berri eman zuela Kontseiluko idazkari nagusiak abenduaren 21ean Eusko Legebiltzarrean. Kontseiluaren iritziz, "eragile sozialen, sindikalen eta euskalgintzaren aldetik ez da lortuko horrelako adostasunik hitzarmenaren beste edozein puntutan. Horrexegatik, hezkuntzaren gehiengoaren eskaerak oinarrien zirriborroan jaso ez izana, harriduraz ez ezik, kezkaz ere hartu du Kontseiluak".

Hezkuntza akordioaren zirriborroan Euskaraz Hezi Berdintasunean Hezi adierazpenaren eskaerak kontuan izan daitezen, orain zirriborroari zuzenketak egiteko epea zabalik dela baliatu du Kontseiluak eta eskaera horiek bi ekarpenetara eraman ditu. Lehena hauxe da: "Hitzarmenak jaso beharko luke orain dela momentua aurrera egin eta hizkuntza-ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko". Bigarren ekarpena, berriz, honela azaldu du Kontseiluak: "Ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezartzea".

Bi ekarpen horiek kontuan hartu behar direla azpimarratu du: "Adostasun ikaragarri handia dago ekarpen horien atzean, eta ezin zaio muzin egin".

Zehaztapen eske Kontseiluaren beste hamasei ekarpenak

Kontseiluak beste hamasei ekarpen ere egin dizkio dokumentuari, 2008an hezkuntzako eragileekin jorratu zuen Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen proposamenean oinarrituta. Kontseiluaren ustez, zirriborroak "zenbait zehaztapen falta zituen, eta horiek osatzera datoz aurkeztutako ekarpenak. Zehazki, beharrezkoa da testuan hainbatean agertzen den euskara ardatz duen sistema eleaniztunaren ezaugarriak modu zehatzagoan jasotzea, baldin eta hizkuntza-berdintasuna helburu izango duen legea idatziko bada".

"Ikasle guztiei euskara ezagutzeko eskubidea bermatzea" eskatu die alderdi politikoei

Kontseiluak dei egin die alderdie politikoei hitzarmen horretan lehentasuna eman diezaioten "ikasle guztiei euskara ezagutzeko eskubidea bermatzeari, inor atzean utzi gabe". Halaxe adierazi du: "Aukera ikaragarria zabaldu da EAEn justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren alde egiteko. Eta hori guztia ez da etorriko ikasleak hizkuntzaren arabera bereizten jarraitzen bada. Gutxiago duenari gehiago emanez eta eragileen adostasuna ardatz, belaunaldi berri euskaldun eleaniztunak lortzeari dagokion garrantzia ematea eskatzen dugu".