Larunbateko manifestazioaren balorazioa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak asteartean eginiko prentsa agerraldian. Mobilizazioaren arrakastaren ondoren, euskararen aldeko itun soziopolitiko berri bat indar handiagoz sustatzen jarraitzeko konpromisoa agertu du. Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko Protokoloa aurkeztu du ere.
Eskerrak ematen hasi du agerraldia Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak. Eskerrak Bilbora bertaratutako milaka eta milaka herritarrei, eta aurretik lanean aritu direnei: “Jendearekin hizketan, argazki eta bideoak egiten, kartelak pegatzen, autobusak antolatzen, manifestazioan laguntzen… aritu diren ehunka boluntarioei”.
Poza agertu du Eskisabelek, batetik, bildutako herritar kopurua “Kontseiluaren aurreikuspenen gainetik” egon zelako, eta, “batik bat, gure kezka eta larritasuna gizartean itsatsita dagoela” ikusi duelako. Horrekin batera, manifestazioak bildu zuen askotarikotasun sozio-politikoa ere nabarmendu du.
Larunbateko arrakastak Kontseiluari “ardura” bat ematen diola azaldu du Eskisabelek, eta ardura horri erantzuteko “konpromisoa” agertu du Kontseiluak. Konpromisoa, hain zuzen ere, euskararen aldeko itun soziopolitiko berri bat lortzeko norabidean: “Euskararen normalizazioaren aurrera egingo bada ezinbestekoa delako itun soziopolitiko berri bat eraikitzea, etorkizuneko erronkei heltzeko. Oldarraldirik ezean ere beharrekoa litzatekeen bezala”.
Lau interpelazio
Botere judizialari, erakunde publikoei, alderdi politikoei eta eragile sozial eta herritarrei interpelazio zuzena egin die Kontseiluak.
Botere judizialari esan dio “hizkuntz eskubideen gaineko gogoeta eta lanketa bat” egin beharra duela, “sentsibilizazio eta kontraste lan bat”.
Erakunde publikoei bi arlotan “ekarpena” egiteko eskatu die: “Batetik, normalizazioaren kontrako epaiak datozenean auzibideak azken bururaino eramaten. Bestetik, oldarraldiari kasurik egin gabe, euskararen normalizazioak behar dituen arau eta legeak abian jartzen, automurrizketarik gabe, ausart jokatuz”. Alderdi politikoei, norabide berean, eskatu die “politika publiko ausart horien berme" izan daitezela.
Azken mezua eragile sozialei eta herritarrei zuzendu die Kontseiluak: “Azaroaren 4ko manifestazioarekin ez da ezer bukatu. Baizik eta bide luze baten hasieran gaude. Beraz, jarri abian oldarraldiaren aurkako eta, orokorrean, euskararen normalizazioan sakontzeko jardunbideak eta ekimenak. Euskararen normalizazioa zehar lerro izan dadila bakoitzaren jardunetan”.
Hizkuntza eskubideak babesteko protokoloa
Aurreko hilabeteetan Kontseilua “euskalgintzako eta hainbat sektoretako eragileekin” lanean aritu da “oldarraldiari tokian toki eta batasunetik erantzuteko tresna edonoren eskura jartzeko asmoz”. Agerraldian bertan aurkeztu du erreminta Manex Mantxola Kontseiluko koordinatzaileak: Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko Protokoloa dokumentua, “hizkuntza-eskubideen aurkako erasoen aurrean antolatu eta saretzeko balioko duena”. Protokoloa dokumentu irekia dela azaldu du, bidea egin ahala “aberasten eta egokitzen” joango dena ekarpenen bidez.
Protokoloa bi egoeratan aktibatuko da, Mantxolaren esanetan: batetik, helegitea jartzen zaionean kontratazio edo enplegu deialdiaren bati, “kasuari jarraipena egiteko”; bestetik, euskaldunon eskubideen aurkako epairen bat egoten denean, “erantzuna prestatzeko”.
Sententziei aurre egin
Sententziei aurre egiteko bi erantzun mota jasotzen ditu protokoloak. Eragina udal mailakoa edo tokikoa denean erantzunaren dinamizazioa bertako euskalgintzaren eta eragileen esku geratuko da. Erasoaren aurka dauden eragile guztien artean adostuko da zer egin: “Adierazpen bat (bateratua nahiz bakoitzak berea), prentsaurrekoa, elkarretaratzea edo bestelako ekimenak. Eragileen konpromiso maila desberdinak aintzat hartuta, ez da inor behartuko prest dagoena baino urrunago joatera”. Erasoak Aldundiei eta administrazio handiagoei eragiten dionean erantzuna sindikatuekin adosten saiatuko da Kontseilua: “Salaketa adierazpena, prentsaurrekoa, elkarretaratzea, mobilizazioa…”.
Erasoa eragin maila batekoa zein bestekoa izan, “Kontseiluaren ardura izango da euskalgintzarekin, alderdi politikoekin eta sindikatuekin harremanetan jartzea, eta beharrezkoa den kasuetan, euskarri eta baliabide desberdinak eskaintzea”.