argia.eus
INPRIMATU
Herritarrek bultzatutako Iruñeko herri haur eskola berria sostengatzeko kanpaina hasi da
  • Iruñeko Udalak euskarazko plaza publikoak murriztu ondoren, Iruñeko Iparraldean irekiko dute euskarazko haur eskola irailean. Finantzazio kanpaina sostengatzera deitu dute ekimena bultzatzen duten guraso eta herritarrek.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 10a
Iruñean haur eskolen alde egindako mobilizazioa.

Aurre-matrikulazio datuak aztertu ditu HE Gurasoak plataformak. COVID-19ari beldurra edukitzeak eragina eduki duela diote. Baina batez ere, euskara eskaintza nabarmen murrizteak eta iparraldera zokoratzeak Iruñeko hegoaldean bizi diren asko beste ereduetara jotzea eragin duela azpimarratu dute. Plataformak 70 familia baino gehiagorekin kontaktuan ibili da azken aldian eta gehienak sare publikoan onartu dituzte, bai euskaraz eta bai erdaraz. Jakina den bezala, guraso elkarte hau sare publikoko ez onartutako familiekin konprometitua zegoen batez ere Decathlon ondoan irekiko duten Herri Haur Eskolako plazak osatzeko.

Matrikula definitiboa egin baino lehen, erderara jo duten edo itxaron zerrendetan gelditu diren familiei harremanetan jartzeko deia zabaldu nahi dute proiektua bere osotasunean azaltzeko eta euskararen eskaria ikusarazteko. Plataformak herri haur eskola edo beste edozein irtenbide indibidual edo kolektiborekin lagundu nahi dio baztertua izan den edozein familiari. Gogorarazi dute beraien Herri Haur Eskola joan eta etorriko haur eskola dela, iraungitze data duena eta bokazio publikoko haur eskola. Ordutegiak, umeen onarpen baremazio, hezitzaile hautaketa, tarifak, ildo pedagogikoa, nutrizio plana eta beste edozein arlo, sare publikoaren simulazio bat egitea dute helburu. Beraiek esaten duten bezala, “Iruñeko Udalaren hamabigarren haur eskola edo Nafar Gobernuaren seigarrena izango gara”.

“SOS Euskara Iruñan” leloarekin finantziazio kanpaina martxan egongo da hurrengo astetan itsulapikoa.eus-en. Plataformak euskaltzale komunitateari ekarpenak egiteko eskatu dio. HE Gurasoak plataformak dioenez, Iruñeko udalaren murrizketek eta Nafar Gobernuaren omisioak euskararen eskaera baldintzatu eta jaitsi nahi dute, gero euskarazko haur eskoletan suertatzen dena hurrengo hezkuntza sektoreetara transmititzeko