argia.eus
INPRIMATU
Itsasuko Loreki kooperatibak, konpostagintzan aitzindari, Landetan biomasa lantegia jarri du abian
  • Hondakin organikoak konpost bihurtzen aitzindaria den Itsasuko (Lapurdi) Loreki kooperatibak biomasa erregaia ekoizteko lantegi berria estreinatu du Landetako Hastinga (frantsesez Hastingues) herrian, Euskal Herriko mugan bertan. Basoetako egurrarekin eta Landetako pinudietako inausketen eta mozketen soberakinekin bio-erregaia hasi da ekoizten ospitaleak, ikastetxeak edo auzuneak berotzen dituzten kalderetarako.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2015eko abuztuaren 05
Lorekiko makina bat Hastingako usinan lanean inaugurazio egunean. (Argazkia: Sud Ouest)

Hego Euskal Herrian Diario Vascok eta hondakinen errausketaren aldeko indarrek egin zuten arren famatu Loreki ("El PSE denuncia que Hernani, Oiartzun y Usurbil quieren «exportar» basura a Francia"), askoz lehenagotik zen Itsasuko kooperatiba ez hain txiki hau energia berriztagarrietan erreferentzia. 1985ean sortua, hirietako hondakin organikoak (etxe eta komertzioetatik atez ate bilduak, baina baita lorategietako inausketen hondarrak ere) konpost bihurtzen aitzindari izan dira. Hogeita hamar urte beranduago, basoetako inausketa eta bestelako egurrak berokuntzarako biomasa gisa aprobetxatzeko lantegi berria sortu dute Landetako Hastingan, Euskal Herriaren mugan bertan, Baionatik Pauerako autopista bazterrean.

Lorekiko arduradunek Astingues hautatu izana ez da kasualitatea. Aspalditik daukate Itsasukoaz gain Paue-Leskarren ere beste lantegi bat, han atez ate bildutako hiri hondakinak konpostatzeko. Biomasaren iturri nagusia Landetan daukate, eskualde honetako pinudi zabaletan erruz metatzen baita kimaketen adar-jendea bezala entresaketako egurra. 2009an Landetako basoak txirtxilatu zituen Klaus ekaitzak ere milaka metro kubiko egur utzi ditu alferrik galtzeko zorian, orain Lorekik berokuntza kolektiboetako kalderetarako aprobetxatuko dituenak. Bestalde, eraikuntza nagusiaren teilatua baliatu dute zentral fotovoltaiko gisa funtzionatu dezan.

Kanaldude telebistak bideo honetan bildu du Lorekiko Artzai Mendiburuk Hastingako usina berriaz egindako azalpena inaugurazio ekitaldian.