argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Itsasoan zokoratuta

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko uztailaren 24a

Oso leku gutxitan irabazi ditu PSOEk hauteskundeak estatuan, eta horien artean dago Hego Euskal Herria. Lurraldeka, gainera, Araban eta Nafarroan ere bai. Baina diputatu gehikuntza Nafarroa eta Gipuzkoatik etorri zaio, horietan eserleku bana irabazi ditu eta, bietan Sumarren kaltetan. Boto sarekada handiena Bizkaian jaso du: aurrekoan baino 35.000 bat boto gehiago.

Bigarren irabazle handia EH Bildu izan da: udal eta foru hauteskundeetako haize boladari eutsi dio, diputatu bat irabazi eta 40.000 bototik gora gehiago batu. Aurkako abagunean dago EAJ, azken hauteskundeetako joera txarraren lorratzean, bi eserleku galdu baititu, non eta bere erresuma nagusian, Bizkaian. Berriz ere 100.000tik gora galdu ditu, eta horietako asko PPra joan zaizkio.

Jeltzaleekin partekatzen dituen botoak berreskuratu ditu PPk eta azken urteetako emaitzarik txukunena lortu du. Beren botoak zein hauteskundetan dantzatzen dituzten ondo bereizten dute eskuineko milaka euskal herritarrek eta, keinukarien gisan, orain jeltzale orain popular, dozenaka mila boto joan-etorrian dituzte bi indarrek. Askoren erakusgarri da hori.

Pozik Carlos Iturgaitz eta kabitu ezinean Sergio Sayas nafar eskuindar eta UPNko diputatu ohia. Nafarroako eserlekua lortzeaz gain, PP UPNren aurretik jarri baita. Aurkako egoeran dago UPN, bere historiako emaitzarik txarrena lortuta. Izan ere, 1979tik aurrera ez baita popularrengatik bereizita inoiz joan. Javier Esparzak arrisku handia hartu du oraingoan eta larri behar du, akaso Sayas eta Carlos García Adaneroren aparretan itotzekotan. Hala ere, PPk eta UPNk bien artean Navarra Sumak duela lau urte baino 7.000 boto gehiago lortu dute.  

Eskuinaren banaketaren ondorioz, halaber, zerbait historikoa gertatu da erresuma zaharrean: EH Bildu bigarren indar geratu da, lurraldean inoizko emaitza onenak lortuta. Besteak beste, botoak jaso ditu botoak atzera bidean jarraitzen duen Geroa Baitik eta baita Sumarretik ere. Azken honek ia 70.000 boto galdu ditu Hegoaldean, eta ostera ere argi ikusten da ez duela Ahal Duguk beste batzen. PSEk eta EH Bilduk etekin argia ateratzen dute egoera horretatik.

Geroa Bairi dagokionez, bere buruzagi Uxue Barkos Madrilgo diputatu ezagun bihurtu zen bi legealditan zehar Nafarroa Bai koalizioaren izenean, eta jakina, NaBai ez da Geroa Bai, inondik inora, baina Barkosek 62.000 boto lortu zituen eta Geroa Baik orain 9.700. 2019an baino 3.000 gutxiago. Joera oso arriskutsua, zalantzarik gabe, esparru horretan lehiatzea merezi dien pentsarazteraino era bai akaso.

Eta horrek guztiak nola eragingo du Hego Euskal Herrian epe laburrean? Nafarroako Gobernua abuztuan eratuko da, berriz ere EH Bilduren abstentzioari esker. Orain Madrilgo zangotraba gutxiagorekin Nafarroan, Madrilen ere Sánchezek haren beharra du eta. Eta datorren urtean, halaber, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen txanda izango da. Udal hauteskundeetako itunei begiratuta, pentsa liteke jeltzale eta sozialisten arteko itunak dena lotuta eta ondo lotuta duela. Molde horretan PSEk eta PPk jeltzaleak dituzten bezain lotuta. Eta, zalantzarik ez, gobernu aukerarik gabe bada ere, EH Bildu saiatuko da horri etekinik ateratzen.  

Beste hainbatetan legez, Espainiako hauteskunde orokorretan, estatuko lehiak indar estatalistak jarri ditu buru Hego Euskal Herrian ere, salbuespen txiki batekin, Bizkaia eta Gipuzkoa, estatuko bipartidismo itogarritik aldentzen diren lurralde bakarrak. Eta hala ere, eustekotan, periferiak eutsiko dio berriz ere PSOEren eta Sumarren balizko gobernuari, berriz ere independentismoaren esku baitago muturreko eskuin espainiarraren aurkako harresi instituzionala.