argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Itsasontzigintzaren itzal luzea ageri da Hego Koreako krisian
  • Hego Koreako krisia autoktonoa ala inportatua ote zen galdetzen nion neure buruari duela hilabete hura sutu zenean. Baretu ez baizik mindu egin denez auzia, batere argi ez dudan erantzunaren bila jarraitu beharko dugu. Geografikoki urrutiko kontua bada ere, oso gertuko ondorioak ekar diezazkigukeelako.

Mikel Aramendi 2025eko urtarrilaren 07a
Txinak jada munduko ontzigintzaren erdia baino gehiago beretzen du; eta haren ehunekoa hazten ari dira. Ahalmen horren zati bat, noski, gerraontziak egiteko erabiltzen du. Hudong-Zhonghua Shipbuilding

Yoon presidenteak abenduaren 3-4an egikaritu zuen kolpe-saioaren aurrean, azkenetan dagoen Biden administrazioaren eta, zabalkiago, Estatu Batuen jarreran datza koska, noski. Eta Hego Korearen aliatu nagusia baino askoz gehiago denaren hitzak (eta esan gabekoak) oso tentuz interpretatu behar dira. Bai lehen unekoak, eta bai hilabete igaro ondorengoak.

Alde batera zein bestera uler litezkeen “konfiantza”, “erresilientzia”, “demokrazia” eta gainerakoak usaiakoak izanik, azpimarratu behar da AEBetako idazkari Antony Blinkenek ez duela Yoon ez haren kolpe-saioa gaitzetsi. Ez diola aparteko babesik eskaini parlamentuari, ez kolpearen aurka kalean dabilen jendeari. Beste batzuetan ez da horrela izaten.

Hori bai, biziro kezkatua dirudi berak, Blinkenek (Yooni esker, hein handi batean), bere lorpen diplomatiko nagusitzat duen AEB-Japonia-Hego Korea ententearen etorkizunarekin. Japonia –batez ere hango jendea– ez litzatekeelako batere eroso sentituko Hego Korea “zibiko-militar” bati lotuta.

Hego Koreako krisi horretan Estatu Batuak begirale hutsak baino askoz gehiago ez ote diren susmoa mahairatu dudan bakoitzean, arrapostu berbera aurkitu dut: zergatik egin behar lukete AEBek halakorik? Zer irabazten dute Estatu Batuek Hego Korea Syngman Rhee, Park Chung Hee edo Chun Doo-hwan diktadoreen garaietara itzularazita?

Utz dezagun geopolitika iluna beste egun baterako. Askoz argigarriagoak diren zifretan islatzen da gaur egun ontziolen jarduera munduan. Duela gutxi arte munduko itsasontzi gehienak, zibilak zein militarrak, egiten (ahal) zituzten Estatu Batuak eta Mendebaldeko aliatuak galduta daude jada sailkapenean. Eta iraganeko sasoia berreskuratzea ametsa da: itsasontzigintzak ez du horrela funtzionatzen; uzten denean, luzaroko, betirako uzten da.

AEBentzat gaitz erdi litzateke ontzigintza-ahalmen hori aurkariaren, etsaiaren eskuetara joan ez balitz. Baina Txinak jada munduko ontzigintzaren erdia baino gehiago beretzen du; eta haren ehunekoa hazten ari dira. Ahalmen horren zati bat, noski, gerraontziak egiteko erabiltzen du. Estatu Batuetako planifikatzaile militarrak aspaldi asaldarazi zituen ziztuan egin ere.

Hego Korea da hegemonia horretatik zertxobait salbuesten den bakarra (dagoeneko Txinaren erdia baino gutxiago izan arren). Japonia da hirugarrena, baina Hego Korearen erdira ere iritsi gabe. Ahaztu behar ez diren zifrak eta joerak dira.

Bizkitartean, Yoonen jarraitzaileek ahazten ez dutena da bi aste barru Trump agintean izango dela Etxe Zurian.

Eta agian horregatik guztiagatik, Burtsak gora egin du Yoonek aske jarraitu duenean.