argia.eus
INPRIMATU
Itsasontzi-kartzela erabiliko du Erresuma Batuak migratzaileen aurka
  • Bibby Stockholm du izena itsasontziak, eta 500 preso egon daitezke bertan. Bi aste barru martxan jartzea aurreikusi dute, baina jada Portland irlan dago. Giza eskubideen aldeko erakundeek eta bertako hainbat bizilagunek ekimena salatu dute.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 19a

Itsasontzi-kartzela erabiliko du Erresuma Batuak herrialdera doazen migratzaileak preso edukitzeko. Jada Portland irlan dago, eta bi aste barru martxan jartzea aurreikusi dute agintariek. Guztira 500 preso hartu ahal izango ditu. Migratzaileek eragiten dituzten “gastuak murrizteko” neurria dela azaldu dute agintariek; haien esanetan, egunean bost milioi euroko gastua eragiten dute migratzaileek, eta itsasontziari esker “gastua gutxitu” daiteke.

Neurriaren aurkako hainbat ahots entzun dira azken egunetan, Richard Drax politikari kontserbadoreak, esaterako, adierazi du migrazio politikari beste begirada bat eman behar zaiola, baina itsasontzia ez dela “erantzuna”. Giza eskubideen aldeko erakunde eta bertako bizilagunek ere salatu dute agintariek hartutako erabakia.

Aurretik, Herbeheretan baliatu dutela argitaratu du Gedarrek. Bertan ere, ehunka pertsona migratzaile atxilo eduki zituzten, eta sexu-esplotazio kasuak eta osasun-baldintza negargarriak salatu zituzten.

Immigrazioaren aurkako legea

Itsasontzia ez da migratzaileen aurka hartu duten neurri bakarra, izan ere, migratzaileen aurkako legea onartu berri dute Parlamentuan. Horren ondorioz, britainiar lurraldera legez kanpo iristen diren migratzaileek ezingo dute asilorik eskatu, eta berehala atxilotu eta datozen tokitik datozela ere bertara bidaltzeko eskumena izango dute.

Legeak kritika ugari jaso ditu, besteak beste Nazio Batuen Erakundeak dio legea migratzaileen inguruko nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa dela. Volker Türk Giza Eskubideetarako Goi Komisarioak eta Filippo Grandi Errefuxiatuentzako Goi Mandatariek ere ez dute begi onez ikusi lege berria: “Ondorio sakonak izango ditu nazioarteko babesa behar duten pertsonengan”.