argia.eus
INPRIMATU
Itsasoko animaliak merkurioaren kutsaduratik babestu nahi dituzte Karibeko herrialdeek
  • Gizakiongan arazo fisiko zein mentalak sor ditzakete merkurioz kutsatutako arrainek, eta horren gaineko kontrola ezarri nahi dute Karibe Elkartea osatzen duten Karibe itsasoaren hegoaldeko herrialdeek.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 07a

Bigarren sektoreak sortutako hondakin askok itsasoan amaitzen du; tartean, merkurioak. Metal hau itsas-bizidunentzat hilgarria ez den arren, gizakiongan arriskutsua izan liteke merkurioz kutsatutako arrainak sarri eta asko jaten baditugu. Fisikoki edota mentalki eragin diezaguke.

Karibe itsasoaren hegoaldeko herrialde askok partekatzen duten kezketako bat da. Elkartu eta arazoari aurre egitea erabaki zuten: Minamatako hitzarmena sinatu zuten iazko abuztuan. Hitzarmen horretan, herrialde bakoitzak bere produkzio-enpresak kontrolatzeko konpromisoa hartu zuen, kutsadura nagusien jatorria jakin ahal izateko. Orain, argitara eman dituzte emaitzak eta jakin ahal izan dute, adibidez, Trinidad eta Tobagon itsasoratzen duten merkurio guztiaren %70ak gas eta petrolioaren industrian duela jatorria, edota Jamaikan bauxitaren ekoizpenak sortzen duela merkurio gehien.

Behin emaitzak jakinda, esku hartu behar dela dio elkarteak. Santa Luciako Ingurumen Garapenerako koordinatzaile Yasmin Judek argi du: “Merkurioa arazo orokorra da eta ezin zaio aurre egin herrialde guztien lankidetzarik gabe; kontrolpean hartu beharreko gaia da”.  Trinidad eta Tobagoko Ingurumen Garapenerako koordinatzaile Keima Gardiner-ek gaineratu du 2020. urterako merkurioa erabiltzen duten produktuen kontsumoa jaistea dutela helburu euren herrialdean.

Arrantza eta turismoa

Brasil ere Karibe Elkarteko kide da eta hain juxtu Brasilen arrantzatzen dituzte Karibe hegoaldean dauden arrainetako asko. Herrialdeko koordinatzaile Jewel Batchasingh-ek ere arazo larritzat du merkurioa eta turismoari zuzenean eragin diezaiokeela uste du: “Arrantza eta turismoa bi industria garrantzitsu dira Brasil iparraldeko kostaldeko herrientzat, eta jendeak arraina jateari uzten dio merkurioz kutsatuta egon daitekeela jakin orduko”.