argia.eus
INPRIMATU
Itsasoan iaz 5.000 errefuxiatu ito zirela salatuko dute Algortako Ereaga hondartzan
  • Ongi Etorri Errefuxiatuak ekimenak ehunka pertsonako performance batekin bistaraziko du larunbatean "hemen bertan ez gaudela basakeria horretatik aparte". Armagintzari loturiko euskal enpresek heriotza horiekiko duten erantzukizuna salatuko dute hondartzan.

ARGIA @argia 2017ko irailaren 07a

2016an aurreko urtean baino %25 errefuxiatu gehiago hil zen Mediterraneoan itota, euren herrialdeetatik ihesi zetozela. Datu eskandalagarri horien aurrean, Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak ekimenak ekitaldi berezia antolatu du Algortako Ereagako hondartzan, larunbatean eguerdiko 12:00etan. Ehunka lagunek parte-hartzea espero dute.

Horren bidez nabarmendu nahi dute heriotza horien atzean bertako armagintzaren negozioa ere badagoela: "Santurtziko portutik, hortxe bertan, Espainiako Gobernuaren babesarekin Saudi Arabia bezalako diktadura krudelekin trafikatzen da armen bidez", dio manifestuak. Hala, armagintzarekin lotura izateagatik kritika ugari jaso dituen Sener enpresaren egoitza bertan dagoela gogorarazi dute errefuxiatuen eskubideen aldeko kideek.