argia.eus
INPRIMATU
Itsasoan energia eolikoa ekoizteko lehen aerosorgailua jarri dute Armintzan
  • Espainiako sare elektrikora konektatu den itsasoko lehenbiziko aerosorgailua da. Itsasertzetik bi milatako distantziara dago, eta aurreikuspenen arabera 2.000 etxe hornitzeko adinako energia sortuko du.

ARGIA @argia 2023ko irailaren 19a
Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Euskal Herrian egoitza duen Saitec Offshore Technologies enpresak zuzendu du DemoSATH deituriko proiektua, Eusko Jaurlaritzak diruz babestu duena, eta bi konpainia handi batu zaizkio inbertsiora: RWE alemaniarra eta The Kansai Electric Power (Kepco) japoniarra. Bizkaiko kostaldean ipini dute, Armintzan, itsasertzetik bi milatako distantziara.

Proiektuaren bultzatzaileek jakinarazi dutenez 2MW energia sortuko du urtean, alegia, 2.000 etxe energiaz hornitzeko adina.

Energia trantsizioa "bideragarri" jo du Urkulluk

Bermeon egin du Eusko Jaurlaritzak proiektuaren aurkezpena, astelehenean, eta alboan izan ditu enpresa bultzatzaileetako ordezkariak.

"Ez dago B planetarik", esan du Iñigo Urkullu lehendakariak kameren aurrean. Energia trantsizioa "bideragarria" dela adierazi du, itsasoan jarritako lehenbiziko aerosorgailua "bide oso onean" doalako. "Gure etorkizuna, geure seme alabena, ilobena, bilobena... gaur hartzen ditugun erabakien araberakoa izango da".

Arantxa Tapia Ingurumen sailburuak sarri erabili dituen hitzak hartu dituUrkulluk, halako proiektuak beharrezko direla argudiatzeko: "Energia berriztagarrien alde egiten dugu betiere gure etxetik urrun baldin badaude, ezta? Ikuspuntu indibidualista hori utzi egin behar dugu, eta guztiongan pentsatu. Geure erabakien kontsekuente izan behar dugu".