argia.eus
INPRIMATU
Itsaso Gorriko edukiontzien garraioa %90 jaitsi da Yemengo huthien erasoen ondorioz
  • Gazaren alde dozenaka ekintza egin dituzte huthiek azarotik. 65 herrialdetako ontziei eragin die egoera berriak, AEBetako inteligentzia zerbitzuen arabera.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko ekainaren 17a

Azarotik ari dira Yemengo huthiak Itsaso Gorritik igarotzen diren itsasontzi ugariren aurkako erasoak egiten, Israelekin edo haren aliatuekin loturak dituztela leporatuta. Palestina eta Hamas babesteko ekintza gisa aldarrikatu dituzte erasook, genozidioaren aurka egindakoak. Igarobide estrategikoa da Itsaso Gorria nazioarteko merkataritzan, Suezko kanalaren bidez Europa eta Asia lotzen dituelako.

Aste honetan egin dute lehen ebaluazio publikoa AEBetako inteligentzia buruek Itsaso Gorriko erasoei buruz, eta ondorioztatu dute edukiontzi garraioaren %90 desbideratu egin behar izan dela, huthien mehatxuagatik. Abendutik otsailera arteko datuak dira, baina ordutik garraioak murriztuta dirauela diote adituek. Azken hilabeteetan ere dozenaka ontziri egin diete eraso huthiek..

Otsailean jakinarazi zuten ofizialki huthiek debekua ezarri dietela Israel, AEBak eta Erresuma Batuarekin lotutako ontziei Yemen inguruko uretan ibiltzeko. Ontzi askori eragiten die debekuak: hiru herrialde horietako banderak dituztenei, herrialde horietako pertsonen jabetza direnei eta baita herrialde horietan geldialdia duten ontziei ere. AEBetako inteligentzia zerbitzuen arabera 65 herrialderi eragin diete huthien erasoek, Gazaren aurkako azken sarraskia hasi zenetik. AEBek eta Erresuma Batuak Yemen bonbardatu dute hilabete hauetan, erantzun gisa. Huthiek AEBetako Itsas Armadako ontziei egin diete eraso, beren aliatuenei eta baita merkataritza ontzi ugari ere, bai Itsaso Gorrian zein Adeneko Golkoan, Arabiako Itsasotik Itsaso Gorrirako pasabidean.

Nazioarteko merkataritzari kolpea

Huthien erasoek hankaz gora jarri dute nazioarteko merkataritzaren zirkulazioa. Itsaso Gorria eta Suezko kanala zeharkatu ezin izateak ontzi gehienak behartu ditu Afrika hegoaldetik inguratzera, Europa eta Asia arteko bidean. Zeharkaldi alternatibo honek 11.000 itsas milia (20.372 km) gehitzen dizkio bidaia bakoitzari, aste bat edo bi gehiago bidean eta milioi bat dolar inguru erregaietan. 29 garraio eta energia enpresek gutxienez aldatu dituzte beren ibilbideak erasoen ondorioz.

AEBek hasieratik zabaldu dute susmoa Iran dagoela huthien erasoen atzean, baina Iranek ukatu egin du hainbatetan. Huthiek hitzeman dute palestinarren aldeko elkartasun kanpainarekin jarraituko dutela Israelek gerra gelditzen duen arte. Sionistek 37.000 palestinarretik gora hil dituzte azken zortzi hilabeteetan.

Nor dira huthiak?

Huthiak Yemengo milizia xiita dira, Sana hiriburua eta herrialdeko zonalde handiak kontrolpean dituena 2014tik. Erresistentziaren ardatza izenekoan kokatzen dira huthiak, Iranen gidaritzapean, Hamas eta Hezbollahrekin batera, Israelen, AEBen eta “Mendebaldeko indarren” aurka. Saudi Arabiak gidatutako koalizio batek esku hartu zuen Yemenen, Arabiar Emirerri Batuen eta Bahreinen laguntzaz, eta huthien aurka ari da borrokan, herrialdearen kontrola eskuratzeko. Hala ere, huthiek koalizioaren erasoei aurre egin eta kontrola mantendu dute zonalde askotan.

Iranek eta huthiek biek dute etsai Saudi Arabia, eta salatu izan da Iranek armaz hornitzen dituela huthiak, frogatu ez den arren. AEBetako ikerketa militarrerako institutu baten arabera, Hezbollahk esperientzia eta prestakuntza militarra eman dizkie huthiei 2014tik.