argia.eus
INPRIMATU
Itsaso Gipuzkoako 89. udalerria izango da, Ezkiotik bananduta
  • Aldeko 88 botorekin erabaki dute Itsasoko herritarrek Ezkiotik bereiztea. Ezezko 26 boto izan dira, lau zuri eta baliogabe bat. Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu du urtea amaitu aurretik Foru Dekretua aplikatuko duela, Itsasok udalerri izaera berreskuratu dezan.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko irailaren 19a
%85eko partaidetza izan da: 140 herritar zeuden bozetara deituak, eta 119 lagunek parte hartu dute. (Argazkia: EiTB)

Berriak jaso duenez, Garikoitz Aiesta alkateak azaldu du Aldundiari eskatu dietela desanexioa “urte amaiera baino lehen” onartzeko, “bi udalerrien kudeaketarako askoz hobea litzatekeelako: esaterako, aurrekontuei begira”. Gorka Sasieta zinegotzia bi herrien banaketaren onurez aritu da: “Kudeaketa hurbilagoari esker, guztion ongizatea hobetuko dela iruditzen zaigu”.

Aiestaranek azaldu du banaketa prozesua bere amaierara iritsi arren Ezkio eta Itsasoko herritarrek jarraituko dutela hainbat zerbitzu elkarbanatzen: “herri eskola, haurtzaindegia edo mediku zerbitzua”, esaterako. Bien bitartean batzorde bat sortuko da Itsason hurrengo hauteskundeak bitartean kudeaketa lanetan aritzeko.

Oztopoak izan dituen bost urteko prozesua

2011n hasi zen Itsasoren banaketa prozesua. Martxoan aho batez onartu zuen Ezkio-Itsasoko Udalak desanexioa osoko bilkuran eta irailaren 18ko galdeketak erabaki hura berretsi du.

Frankismo garaiko lege batek elkarrarazi zituen Ezkio eta Itsaso 1964an. Orain 2/2003 foru araua erabiliko du Aldundiak Itsasoren banaketa bideratzeko: 1960ko hamarkadan herritarren oniritzirik gabe elkarturiko udalerriek desanexio prozesua martxan jarri nahi badute arau hori erabiliko du Aldundiak.

Carlos Urquijo Espainiako Estatuko EAEko ordezkariak helegitea aurkeztu zuen irailaren 12an Itsasoko herri-galdeketa bertan behera uzteko. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak baztertu egin zuen Urquijoren eskaria, Gipuzkoako Foru Aldundiak legezko prozedura jarraitu duela argudiatuta.