Itsaso eta Deikaztelu arteko Autopista Elektrikoaren aurkako Plataformak Goi-tentsio linearik ez – ate birakariei ez lelopean Nafarroako Gobernuaren aurrean kontzentrazioa deitu du larunbat eguerdirako.
Goi-tentsio linearen aurkako mobilizazioak ugariak izan dira azken urteotan. Proiektua duela urte batzuk eta aurreikuspen okerretik abiatuta hasi dela salatu dute plataformatik: “Gaur egun, sistema elektrikoaren eskaria eskaintza baino baxuagoa da. Hala ere, honek energiaren garraiorako linea berriak ugaritzea proposatzen ditu. Ulertezina da”. Era berean, salatu dute Itsaso-Deikaztelu linearen proiektuaren helburu nagusia ez dela zeharkatuko dituen zonaldeen behar energetikoa asetzea.
Espainiako Industria Ministerioak joan zen abenduan argitaratutako dokumentuan zehazten duenaren arabera, eraiki nahi duten 400kV-eko Itsaso-Deikaztelu linearen energia Frantziara bideratuko dute. Era berean, Nafarroako eta Gipuzkoako beharrak asetzeko, egun dauden 220kV-eko lineak sustatu behar direla jasotzen du dokumentuak.
Guztira 247 hautetsik eta 247 gizarte mugimenduk Nafarroako Gobernuari zein Eusko Jaurlaritzari eskatu diete proiektua plangintza elektriko berrian ez sartzea. Nafarroako Gobernuak herritarren eskariei kasu egin beharrean, enpresa elektrikoen mesedetara jardun duela salatu dute Autopista Elektrikoaren Aurkako Plataformatik.