Itsaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak ETB1eko Azpimarra+ saioan adierazi du: “2015an ez bada 2016an galdeketa egin beharko genuke hemen ere”. Gaineratu du EAJk horretarako konpromisoa duela.
Atutxak dioenez, erabakitzeko eskubidea eta nazio izaeraren aitortza bideratzea ezinbestekoak dira. Asteartean egin ditu adierazpenok telebista publikoan.
Eskoziak zabaldutako bidea ez dela alferrikakoa izan uste du Atutxak eta Espainiako Estatuarekin elkarlanean galdeketa egitea posible izatea espero du.
“Espainiak aukera dauka erantzuna berak emateko, baina bestela Europatik etorri behartuko dute", esan du BBBko lehendakariak.
Espetxe politikan Espainiako Estatua "nahastuta"
Espainiako Auzitegi Gorenak espetxe zigorrei buruzko Europako zuzentarauaren gainean erabakirik hartu ez izanaz ere mintzatu da Atutxa.
Esan du, Espainiako Estatua “nahastuta” dabilela arlo honetan ere, eta salatu du epaileei egiten zaizkien “presioak” direla erabakia atzeratzearen arrazoia.
Gernikako gertakariak “ekidin” zitezkeen
Astelehenean Gernikan Jone Amezagaren atxiloketaren harira Ertzaintzak izandako liskarrak “ekidin” zitezkeela uste du Atutxak: "Ez dut ulertzen errua Ertzaintzari leporatzea, eta ez epaileei".
BBBko lehendakariak dio Ertzaintzak eta EAJk ezin dutela legedia hautsi eta ez dutela hautsiko.
Herri harresiaren gisako ekintzekin Ertzaintzarekin talka bilatzen dutela uste du Atutxak: “Beste gauza batzuetan ere badago legedia hausteko aukera baina ez dute egiten”.
Bakegintzan PP eta PSEren falta
EH Bildu eta EAJ prozesua nola bideratu hitz egiten ari direla esan du Atutxak eta bide horretan lan egin behar delakoan dago.
Hala ere, PP eta PSEren beharra dagoela uste du: "Elkarbizitza eraikitzeko pilota ez dago EAJ eta EH Bilduren teilatuan bakarrik, PP eta PSE ere behar dira”.