Zapatuan, ehunka herritarrek parte hartu zuten Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadarraren azpian egin gura duen tunelaren proiektua geldiarazteko exijitzeko manifestazioan. Subflubiala Ez plataformako deitzaileek 500 parte-hartzaile inguru zenbatu zituzten Getxoko Itzubaltzeta/Romoko kaleetatik egindako mobilizazioan, eta ekintza gehiago iragarri dituzte irailerako.
Manifestazioa Artatzako parkean bukatu zuten, tunelaren obrek hartuko luketen berdegunean, hain zuzen ere. Bertan egin zuten irakurketan proiektua geldiarazteko hainbat argudio zerrendatu zituzten, hala nola 600 milioi eurotik gorako diru-xahuketa, mugikortasun eta garraio aldetik duen plangintza eskasa, lanek eta azpiegiturak ekarriko duen trafikoak ingurumenean izango duten inpaktua eta mugikortasun-politika jasangarrien aurka eta ibilgailu pribatuaren alde egitea.
Halaber, azpimarratu zuten abenduan hasi gura duten proiektua geldiarazteko borrokan jarraitzeko asmoa dutela, eta iragarri zuten irailaren 21ean, Artatza parkean, aste-akabuko kanpaldia egiteko asmoa dutela. "Bizitza emango diogu parkeari, ekintza ludiko eta kulturalen bidez, eta argi utziko dugu lursail hau defendatuko dugula azpiegitura txikitzaile eta inposatuaren aurrean", azpimarratu zuten.
Gaur Romoko kaleak zeharkatu ditugu Subflubiala geldiaraztea eskatzeko.
Hurrengo deialdia irailaren 21ean akanpada Artaza parkean!
Guztion artean azpiegitura txikitzaile hau geldituko dugu! pic.twitter.com/1tV2B7xDH4
— SubflubialaEz (@subflubialaez) June 15, 2024