argia.eus
INPRIMATU
Itsas mihilua ezagutzen
  • Uda joan zaigula dio egutegiak, nahiz uda giroak gure artean jarraitu nahi duen oraindik ere, eta sasoi hau baliatu nahi nuke hondartza inguruetara itsas mihilu bila joateko. Kostaldera jo eta itsaslabarretako harriei zein gizakiak eraikitako murruei begira jarriko gara. Leku hauetan ere belar txarrak hazten direla esango du zenbaitek baina nik aberastasuna besterik ez dut aurkitzen; itsas-mihiluz beteta baitaude orain. Loretan, eta are hazitan, dagoen itsas mihilu heldu eta usaintsuz.

GarbiƱe Larrea Iturralde 2023ko urriaren 09a
Argazkia: Istoc.

Barrualdeko parajeetan mihilua (Foeniculum vulgare) bezala, itsas mihilua (Crithmum maritimum) kostaldeko parajeetan ikusiko dugu. Zenbait antzekotasun izan arren itsas mihiluak berezitasunak eta erabilera interesgarriak dituenez, gaur artikulua berarentzat izango da.

Hasteko, elikagai interesgarria da, bere hostoak jangarriak baitira. Zapore nahasketa konplexua du: anis zaporea orain, apio tankera gero (familiakoa da), nota zitrikoak atzetik eta oroz gain gazitasuna, itsas bazterretik zenbat eta gertuagokoa izan, orduan eta gaziago. Sukaldaritza garaikidean erabiltzen hasiak dira, akaso urte batzuk barru gutizia (edo luxu) izango da, zeinek jakin!

Zapore konplexutasun honen atzean esentzia trinkoak daude: pinenoa, anetola, eugenola eta dilapiola. A, C eta E bitaminatan ere aberatsa da, gatz mineralak eta oligoelementuak ditu (iodoa eta bromoa), fitoestrogenoak, betakarotenoak eta azido klorogenikoa ere bai.

Mihilu guztiek bezala, digestioa egiten eta haizea kanporatzen laguntzen du baina itsas mihilua sendabelar gisa baino sukaldean erabili izan dela ikusten dugu, nahiz bietarako balio duen. Balear irletan antxoa eta oliba kontserbatan edo ozpinetan beratuta erabiltzen da oraindik ere.

Gordinik jan daiteke baina tamainan, zapore sarkorregia baitu, hala, ozpinetan edo oliotan beratuta erabiltzea da samurrena. Ozpin zein oliotan bi likido hauen bolumenaren laurden bat edo heren bat ipiniko genuke gordinik, txorten eta hosto, ongi zatituta. Hilabetean armairuan eduki ondoren iragazi eta kristalezko botilan ongi egongo da. Entsaladei, pureei zein saltsei ukitu berezia emango die, zalantzarik gabe.

Fitoestrogenoak dituenez, menopausian izan ohi diren likido atxikipena eta gaualdeko izerditzeak tratatzeko egokia da; dela infusiotan (lehortuta), dela ozpinetan zein oliotan beratuta. 

Osagaien artean aipatutako azido klorogenikoak erradikal askeen kontrako indarra du eta azala gaztetzeko erabiltzen da kosmetikan. Ekilore oliotan beratu eta azalerako serum ederra egiteko baliatu genezake.

Bere bi esentzia, anetola eta estragola, neurotoxikoak dira dosi altuan; tamainan hartu behar genuke beraz (egunean hiru infusio gehienez). Haurdunaldiko lehen sei hilabeteetan ezin da hartu baina edoskitzaroan bai. Lau urtetik beherako umeentzat ez da gomendatzen.

Kimioterapia tratamendua badago edo antibiotikoak hartzen badira itsas mihilua botika hauek hartu eta bi ordutara hartu behar da. Iodo gehigarriak hartzen dituztenek ezin dute erabili eta hipertiroidismoa dagoenean ere ez.