argia.eus
INPRIMATU
Itsas dortokak lozorrotik esnatu ote dira euskal kostaldean?
  • Udako solstizioa gerturatzen ari den honetan, euskal kostaldean itsas dortokak ikusteko aukerak ugaritu dira. Gure uretan ezagunena Egiazko kareta (Caretta caretta) da. Ale helduen oskolaren batezbesteko tamaina, 120 cm-ko luzera zuzenera eta 200 kg-ko pisura irits daiteke. Gorrizta edo marroixka du gainaldea, azpialdea, berriz, horixka. Ale helduek buru handia dute, moko eta lepo sendokoa, elikadurara egokitua. Dieta aldakorra duen espeziea da, bizi-etaparen arabera; gaztaroan, pelagikoa eta ahal dela haragijalea; helduaroan, berriz, neritikoa eta orojalea izatera igarotzen da eta izaki lirdingatsuen harrapari bikaina da.  

Nagore Zaldua 2024ko ekainaren 17a
Egiazko kareta itsas dortoka aurkitu dute duela gutxi Zumaiako Santio hondartzan. Argazkia: Aitor Leiza.
Egiazko kareta (Caretta caretta)

TALDEA: Ornoduna/Narrastia.

NEURRIA: Oskola 120 cm eta 200 kg-ra iritsi daiteke.

NON BIZI DA? Errute hondartzetatik elikatzeko guneetara migratzen dute. Bizkaiko golkoan agertzen direnak, AEBetatik, Mexikotik eta Karibetik etorritakoak dira.

ZER JATEN DU? Gaztetan haragijalea da, itsas animalia txikiak jaten ditu; heldutan orojalea da, bereziki animalia oso gogorrak jaten ditu, krustazeoak, moluskuak baita marmokak ere.

BABES MAILA: Eusko Jaurlaritzako espezie mehatxatuen zerrendan “kaltebera” babes maila du.

Itsas dortoka guztien modura, Egiazko kareta biodibertsitatearen kontserbazioa sustatzeko bandera-espeziea da: erakundeen eta gizartearen arreta erakartzeko sinbolo izaki, espeziea kontserbatzeko, itsas habitatak babesteko eta bioaniztasunaren kontserbazioa sustatzeko erabiltzen da. Horrela, gurean ere haren agerraldiak maiz zabaldu dira telebista eta sareetan; azkenak Santio hondartzan (Zumaian), Donostia eta Orio bitarteko uretan, Ondarroan, Lekeition, Kontxako badian…

Euskal kostaldean espezie honen ale gazteak dira ohikoenak. Ozeano Atlantikoan Golkoko Itsaslasterrak (Ozeano Atlantikoan zehar, Mexikoko Golkotik Ipar Europako kostalderanzko ur korronteak) bultzatuta etorri ohi dira Sargazoen Itsaso ingurutik, bidegurutzeren batean korrontetik irteten diren arte: Madeiran, Kanariar uharteetan, Cabo Verden, Afrikar kostaldean… Batzuetan, aldiz, bidegurutze okerrean irten eta ur hotzagoetara heltzen dira, Bizkaiko Golkoko uretara kasu. Espezie honetako ale helduek haien berezko bidetik kanpora bultzatzen dituzten korronteei aurre egiteko indarra dute; ez, ordea, gazteek, eta horregatik, dortoka txikiak dira gurera maizago iristen direnak.

(Bideo hau Iñigo Arangurenek grabatu zuen. Orio eta Igeldo artean, maiatza honetan ikusi zuten itsas dortoka)

Izan ere, itsas dortokek, migrazioen bitartez, ur hotzak saihestu ohi dituzte ur beroagoetarantz mugituta. Uraren tenperatura bat-batean jaistean edo korronteen ondorioz eskualde hotzagoetan aurkitzen direnean, ordea, ale helduek, ugaztunetan ezaguna den hibernazio edo neguko lozorroaren antzeko mekanismoa dute, brumazioa deiturikoa. Brumazioan, itsas dortokak ez dira hain aktiboak, arnasketa ia guztiz murrizten dute eta gutxieneko metabolismoa mantentzen dute. Hartzak neguko lozorroan nola, dortokak itsas hondoan egon ohi dira, geldirik, denbora luzez ur azalera arnas hartzera igo gabe (7 ordutik gora iraun dezakete). Horregatik, zaila izaten da itsas dortoka helduak negu garaian ikustea, brumazioan egongo baitira, migrazioan aldendu ez direnean.

Azken aste hauetan bisitatu gaituzten Egiazko karetak, ordea, ez dira Kontxako badian lozorroan egon. Etorkizunean, Kantauri itsasoak berea dena berreskuratzeko borrokan hiriari hondartzarik kentzen ez badio, edo itsas mailaren gorakadak gure hondartzak urperatzen ez baditu, Egiazko kareten errute hondartza bat izanen dugu akaso, korronteek lur bazter hau epeltzen jarraitzen badute. Eta, nork daki, agian Txingudiko badian hondoratuta lozorroan pasako dituzte neguak…

Gurean Ozeanoen Nazioarteko Egunari (ekainak 8) aurre hartuz agertu diren dortoka gazte txiki hauek mezu bat ekarri digute: ozeanoak kontserbatzeko eta hobetzeko dugun erantzukizunari buruzko hausnarketarako aldarria. Pozgarria da bizirik eta osasuntsu daudela ikustea (askotan ez baita hala izaten), Kantauri itsasoa espezie askoren bizileku dela egiaztatzea eta itsasoen zaintza eta babesa funtsezkoak direla azpimarratzea. Baina ez ditzagun banderak nahastu; hondartzetako gorri, hori eta berdeak ondo bereiztea komeni den bezala, ezinbestekoa da bandera -espezieak egoki zaintzea, eta ez, sarri gertatu ohi den bezala, zurikeria berdez aritzeko erabiltzea.