argia.eus
INPRIMATU
Itsas azpiko gas gordailuek Valentziako Golkoa astindu dute
  • Azken asteetan Valentziako Golkoan 220 lurrikara baino gehiago jazo dira, Vinaróseko kosta eta Ebroren Delta parean. Espainiako Gobernuko teknikariek onartu dutenez, lur mugimenduek lotura izan dezakete gasa lur azpian gordetzeko Castor proiektuarekin.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 04a
Castor plataforma, petrolio hobi baten gainean eraikitako itsaspeko gas biltegi erraldoia, Valentziako Golkoko uretan. (Argazkia: Diario de Córdoba)

Gehienak seismo txikiak izan diren arren, bizilagunak beldur dira; azken egunetan lurrikarak areagotu baitira Richter eskalan 4,2 gradutara iristeraino.

Geologoek adierazi dute lotura zuzena egon daitekeela lurrikararen eta Castor proiektuaren artean. Petrolio hobi baten gainean eraikitako itsaspeko gas biltegi erraldoia da Castor; gas naturala biltegiratzeko funtzioa duena. Gasa konprimitu eta ur azpian 1.000 metroko sakoneran injektatzean datza jarduera horrek, bertan gasa metatu eta behar ahala erraztasunez erauzteko.

Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soriak behin-behinean jarduera eteteko eskaera egin du, lurrikarek Castor proiektuarekin “zerikusia izan dezakeelako”.

Ecologistas en acción taldeak azken urteetan sarri ohartarazi du Castor plataformaren jarduerak eragin zitzakeen ondorio kaltegarriez, eta azken lurrikarek itsas azpiko ekintzen arriskua agerian uzten dutela salatu dute. 2008. urteaz geroztik alegazio andana aurkeztu dute proiektu horren jarduera gelditzeko eskatuz.

Gas biltegietako bat, Bermeon

Espainiako Estatuan gasa lurpean gordetzeko bost biltegi daude, horietako bat Bermeoko kostaldean, Gaviota izenekoa. 2.681metro kubikoko edukiera dauka. 1994. urtetik dago martxan eta 2011n instalazio horren handitze egitasmoa adostu zen, proiektua geldirik dagoen arren.

Fracking-arekin lotura

Paraleloki, Castor jarduerak eragindako ondorioek fracking-aren inguruko eztabaida pizten dute, La Vanguardiak nabarmendu duen moduan. Finean, fracking-ak gasa ustiatzeko lur azpian ura eta produktu kimikoak presio altuan injektatzen ditu. Eragiten dituen kutsadura arazoez gain, jarduera sismikoarekin izan ditzakeen harremanak aztertzen ari dira adituak.