argia.eus
INPRIMATU
Itsas armada Venezuela ingurura bidali dute AEBek
  • Narkotrafikoagatik Venezuelako presidente Nicolás Maduroren eta haren gobernuko hainbat kideren aurkako salaketa jarri zuen martxoaren 26an AEBetako Gobernuak. Erabaki horri lotua da itsas armadaren bidaltzea. Donald Trumpen Gobernuaren joera gogor kritikatzen dabil Maduro.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 02a

Aste bat pasa da narkotrafikoagatik Venezuelako presidente Nicolás Maduroren eta haren gobernuko hainbat kideren aurkako salaketa jarri duenetik AEBetako Gobernuak. Urrats bat gehiago eman du apirilaren 2an itsas armada bidaliz Venezuela inguruetara. Barda eman zuen urrats berri horren berri.

Narkotrafikatzaileentzako «eremu seguru bat» ahalbidetzea leporatu dio Trumpen Gobernuak Venezuelako estatuburuari. «Narkoterrorismoa», dirua zuritzea eta ustelkeriaz jokatzea egotzi dio estatuburuari, Batzar Konstituziogileko buru Diosdado Cabellori, Defentsa ministro Vladimir Padrinori eta Hugo Armando Carvajal armadaburu ohiari. Martxoaren 26an eman zuen erabakiaren berri William Barr fiskal nagusiak. Horrez gain, Maduro atxilotu ahal izateko informazioaren truke 15 milioi dolarreko saria emango dutela jakitera eman zuen AEBetako ordezkariak. “Ezdeus bat zara Donand Trump, ez duzu soilik cowboy, arrazista eta supremazista baten joera, nazioarteko harremanak iruzurgile baten gisara kudeatzen dituzu” ihardoki zion Madurok berak. Maduro ez da ordainsari baten truke AEBek atxilotzea eskatzen duten bakarra, beste hainbat funtzionario eta agintari daude ere zerrendaturik .

Maduroren gutuna munduko gobernuburuei

Salaketa horren berri ukan eta gutuna bidali zien munduko gobernaburuei Madurok berak, erabaki hori testuinguru politikoan kokatzeko asmoz. Martxoaren 25ean –hau da, salaketa jartzeko egunaren bezperan– Maduroren Gobernuaren kontrako estatu kolpe saiakera bat salatu zuen Venezuelak, Kolonbian hainbat arma atzeman eta gero, zehaztuz Cliver Alcalá Venezuelako armadaburu ohia zutela putscharen buru. Biharamunean berean baieztatu zuen Alcalak saiakera horren buru zela. “Aitortza horren parean, gure kontrako akusazio larri hauen hedapena izan da AEBen erantzun ezohikoa, zentzugabeki sartuz Alcalá bera Venezuelako agintarien artean, denek dakigunean EABen kontratupean dagoen mertzenario bat dela, Venezuelako gobernuaren kontrako operazio terrorista bat egiteko asmoz dabilena”. Nazioarteko beste herrien gisara, Venezuelak ere daukan koronabirusaren izurritearen kontestuan kokatzen du AEBen erabakia.

Errusiako Kanpo Harremanetarako Ministerioaren ustez, AEBak Venezuelako egoera sanitarioaz “baliatzen” dabiltza estatu kolpe bat bideratzeko. Ez da lehen aldia AEBetako Gobernuak Venezuelakoaren aurka jotzen duena ustelkeria eta narkotrafikoan aritzea leporatuz, baina orain arte ez zuen auzitara jo.

Maduroren Gobernuaren kontrako estatu kolpe saiakera egon zen jada duela urte bete: 2019ko urtarrilaren 23an mundu osoko hedabideetan agertu zen Juan Guaidó Venezuelako opositore eskuindarra. Bere burua presidente izendatu zuen AEBek babestuta. Urtebeteren ostean, ez du estatu-botererik lortu.