argia.eus
INPRIMATU
Hamasei hondartza itxi dituzte asteburuan Lapurdin, uraren kalitate eskasagatik
  • Horrez gain, Biarritzen ostreopsisa atzeman dute, itsas alga toxiko mikroskopiko bat, eta karabela marmokak agertu dira Donostiako kostaldean.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 22a
Biarritz.

Asteburuan hamasei hondartza itxi dituzte Lapurdin, uraren kalitate eskasagatik. Azken egunetako euri jasak eragin dute uraren kalitate eskasa. Bandera gorria ipini dute hondartza horietan guztietan.

Biarritzeko hondartzan ostreopsisa izeneko itsas alga toxikoa azaldu da. Duela hiru urte itxi zuten lehen aldiz hondartza hori arrazoi berdinarengatik. Euri asko egiten duenean eta kostaldean ur hori pilatzen denean sortzen den alga da. Ostreopsisa batez ere hondoaren gainean hazten da, makroalgak, arrokak eta harri koskorrak estaliz. Mikroskopikoak izanik, ezin dira banaka begi hutsez ikusi, baina ugaritzen badira, itsas hondoa estaltzen duen geruza agerian gelditzen da. Alga horrek ur-azalean apar lirdingatsu marroixka sortzen du. Larruazalean arazoak eragin ditzake ukituz gero, eta gripearen antzeko sintomak eragiten ditu arnasten bada.

Marmokak agertu dira Donostian

Marmokak ere badabiltza azken egunetan gure kostaldean. Asteazkenean, Donostiako Ondarreta hondartzan lau karabela marmoka topatu zituzten sorosleek, eta ostiralean, berriz, Guardia Zibilaren itsas zerbitzuek zazpi gehiago jaso zituzten hondartzara heldu aurretik. Egoera ez da kezkatzeko modukoa, agintariek azaldu dutenez, nahiz eta litekeena den datozen egunetan gehiago azaltzea.